Lurkide enpresak egitasmoa babestu du eta 2.500 euro emango dizkio Katxalin elkarteari
Julio Pascual zikloturista zumarragarrak irteera guztien amaieran Antiora igotzeko ohitura zuen eta iaz 251 aldiz igo zen. Aurten iazkoa gainditzea erabaki zuen, ondoren bikoiztea, gero hirukoiztea… eta asteartean 777. igoera egingo du. Garapen pertsonalarekin eta barne jakinduriarekin lotutako zenbakia dela irakurri du eta horregatik erabaki du 777. igoeraren ondoren planto egitea.
Urteko azken igoera asteartean egingo du. Lagunekin egingo du. 11:30ean abiatuko dira, udalak zaharberritutako Eitzaga atzealdeko parketik. Hortik Korta tabernara joango dira eta handik mertzedarietara jaitsiko dira, handik Antiora igotzeko. Ondoren, Eitzaga atzealdeko parkera itzuliko dira. Bertan, ekitaldiaren babesleak, Eitzagako atzealdea zaharberritu duen Lurkide enpresak, 2.500 euro emango dizkio Katxalin elkarteari.
Pascualek 137 egunetan egin ditu orain arteko 776 igoerak. Egun batean 16 aldiz igo zen Antiora.
