Maria Martinezek (Ponferrada, Espainia, 1982) istripu bat izan zuen eta ordutik ONCEn lan egiten du. Zumarragan lan egiten du eta oso gustura dago lanarekin eta bizilagunekin.
Martinez oso gustura dago Urretxu-Zumarragan eta bizilagunak ere oso gustura daude berarekin. Pertsona irekia da eta dagoeneko hemen ere kuadrilla du.
Leongo Ponferrada herrian jaio zinen, nolatan etorri zinen Euskal Herrira?
Nire aita Jaso garabi enpresara etorri zen lan egitera, nik 15 urte nituenean. Bi urte eman zituen joan-etorrian eta ondoren ama eta biok Goierrira ekartzea erabaki zuen.
Zer moduz moldatu zinen?
Gurasoek egun batetik bestera erabaki zuten hona etortzea eta ez zituzten nire beharrak kontuan hartu. Oso adin txarra da herriz aldatzeko. Ikasketak utzi nituen eta Donostiara joan nintzen, ostalaritzan lan egitera. Oso ondo moldatu nintzen, ostalaritza asko gustatzen baitzait. Alde Zaharreko Egosari eta Casa Alcalde jatetxeetan lan egin nuen. Hor ikasi nuen zerbitzari eta sukaldari ofizioa. Beasaingo Arkupen ere lan egin nuen. Nire taberna edo jatetxea irekiko nuela esaten nuen eta lortu nuen.
Ze taberna ireki zenuen?
Hamar urte eman nituen besteentzat lanean eta halako batean bezero batek bere taberna alokatzea eskaini zidan: Beasaingo Bodega Riojana. 12 urte eman nituen bertan: 2008tik 2020ra. Oso gustura lan egin nuen bertan, istripua izan nuen arte.
Zer gertatu zen?
Irrist egin nuen, tabernan bertan. Atzeraka erori nintzen eta sorbalda bere tokitik atera nuen. Ospitalean luxazioa zela esan zidaten, baina lau hilabete pasa ziren eta sorbaldak ez zuen erantzuten. Ezin nuen besoa altxatu. Azkenean Policlinicara joan nintzen eta sorbalda lau tokitan hautsita nuela ikusi zuten. Madrilera bidali ninduten, ebakuntza egitera, baina dagoeneko berandu zen. Errehabilitazioarekin errekuperatu egingo nintzela esan zidaten, baina sorbaldako mina ez zen joaten. Hala, desgaitasuna eman zidaten.
Nolatan hasi zinen ONCEn lanean?
Mutuara eramaten ninduen mutilaren amak ONCEn lan egin zuen eta bertara joatea gomendatu zidan. ONCE itsuentzat soilik dela pentsatzen dugu denok, baina probatzea erabaki nuen.
Ondo hartu al zintuzten?
Primeran. Astebeteko ikastaroa egin nuen eta hiru astera lan egiten ari nintzen dagoeneko. Nire burua baliagarri sentitzen nuen berriro. Lanik egin gabe denbora asko pasatzen duzunean, hori da behar duzuna: berriro martxan jartzea. Hiru urte daramatzat ONCEn lanean.
Beti Zumarragan?
Bai. Ez nuen hona etortzeko ohiturarik: azokara egunen batean, Santa Lutzi egunean… Beasaingook Tolosa edo Donostia aldera gehiago jotzen dugu, baina hemen oso gustura nago eta Urretxu eta Zumarraga ez ditut saltzeko. Ez nintzateke beste toki batetara joango. Beasainera joateko aukera izan dut eta ez naiz joan. Urretxun eta Zumarragan oso ondo hartu naute eta etxetik gertu nago, gainera.
Nolakoa da ONCEko saltzaileen lana?
Garrantzitsuena jendearekin hartu-emana da. Jende asko ogia eta ONCEko kupoia erosteko bakarrik ateratzen da etxetik. Hitz egiteko beharra dute eta horretara etortzen dira niregana. Kupoia erosten dute, baina hitz egiteko beharra dute batez ere. 85 urtekoek ez dute diru beharrik, oro har. Batzuk hitz egitera bakarrik etortzen dira, baina ez da ezer gertatzen. Gaur erosten ez duenak, bihar erosiko du.
Zer dohain behar ditu ONCEko saltzaile batek?
Atsegina izan behar da. Gutxi batzuek gehiegizko konfiantza hartzen dute eta garaiz mozten jakin behar da. Hori da kalean lan egitearen arriskua. Dena den, kioskoan babestua sentitzen naiz. Kioskorik ez dutenak babesgabeago daude.
ONCEn gustura zaudela esan duzu.
Oso ondo lan egiten duen enpresa dela uste dut. Jende askori gomendatzen diot ONCEra jotzea, langile bila baikaude beti. Baina jendeak ez du enpresa ezagutzen eta ez du uste lan ona izan daitekeenik. Lan egiten baduzu eta saltzen baduzu, soldata ona lortzen duzu. Zazpi ordu eta erdiko lan jarduna dut, astelehenetik ostiralera. Baina malgutasuna dugu. ONCE bakoitzaren egoerara egokitzen saiatzen da.
Zenbat langile zaudete Urretxu eta Zumarragan?
Hemen bi gara, Legazpin beste bat, Beasainen lauzpabost…
Denek ez duzue kioskoa.
Kioskoa desgaitasunaren araberakoa da. Nik sorbaldan eta zerbikaletan dut arazoa eta, beraz, ezin dut kalean lan egin. Dena den, batzuek nahiago dute kalean lan egin kioskoan baino.
Zumarragako kioskoa oso ondo kokatua dago, ala?
Hala da. Ez dut inongo kexarik.
Anekdotaren bat al duzu?
Adineko emakumeak oso esker onekoak dira. Magdalenak, bizkotxoak… ekartzen dizkidate.
Sari potoloren bat eman al duzu?
Handiena, 4.000 eurokoa.
Zer diozu bezeroei buruz?
Gehienak 65 urtetik gorakoak dira. 40-50 urtekoei dagokienez, kupoia erostera etortzen badira, ondoren errepikatu egiten dute. Atsegina naizelako, merkea delako…
Gogorra al da eguna kioskoaren barruan ematea?
Berogailua eta aire girotua ditut. Bestela, jasangaitza izango litzateke. Gainera, ONCEk protokoloak ditu. Elurrarekin, adibidez, etxera itzuli izan naiz. Eta udan lehenago bukatzen dut lan eguna: aire girotua dut, baina ordu asko lanean ematen dituenean gelditu egiten da.
Urretxun eta Zumarragan lagun asko egin al dituzu?
Inguruko ostalariak ondo ezagutzen ditut, noski. Eta kuadrilla txikia ere badut. Hokaba tabernan zain izaten ditut, eguerdian. Urretxun eta Zumarragan oso ondo hartu naute. Oso irekia naiz, baina ONCEn lanean hastea gogorra egin zitzaidan. ONCEren txalekoa jantzita etorri nintzen lehen egunean, treneko segurtasuneko langileak eskua eman zidan trenetik jaisten laguntzeko. Ez nuela ikusten uste zuen. Egia esan, barregarria izan zen. Ez nuen uste ONCEn lan egiten bukatuko nuenik, baina oso gustura nago. Lan aberasgarria da. Pozik itzultzen naiz lanetik etxera. Ez da lan gogorra eta jendearekin hartu-emana dut. Tabernan 14 ordu ematen nituen lanean, garbitzen, zerbitzatzen, mozkorrak aguantatzen…
