2026an ere hainbat urteurren izango dira. Horietako bat oso berezia da zumarragarrentzat: Zelai Ariztik 25 urte beteko ditu. Zortzi urte eman zituzten areto txukunik gabe eta Zelai Ariztiren irekierak kulturaren biziberritzea ekarri zuen.
Itzalon eta Zelai Arizti zaharra 1993an itxi ziren eta Zumarraga zinema aretorik gabe geratu zen. Gabezia horri aurre egiteko, udalak bi aretoetako bat erostea erabaki zuen, baina alderdi politiko guztiak ez ziren iritzi berekoak: batzuk Itzalon erostearen aldekoak ziren eta besteak, berriz, Zelai Arizti erostearen aldekoak. 1992ko ekaineko udalbatzan, eztabaida bero baten ostean, PSE, EUE eta HB alderdiek bozketa irabazi zuten eta Zelai Arizti erostea erabaki zen.
Zelai Arizti zinemaren jabea Tolosako Cines y Teatros Aroseaga elkarte anonimoa zen (Banco Guipuzcoano zen akziodun nagusia) eta akzioak sakabanaturik zeudenez, udala akziodun guztiekin harremanetan jarri behar izan zen eta bakoitzari bereak erosi. Zinema lortu ondoren, eraberritu beharra zegoen. Udalak argi zuen eraikuntzaren egitura bere horretan mantenduz mota guztietako ikuskizunetarako egokia izango zen aretoa prestatu beharra zegoela.
Udalak proiektu lehiaketa antolatu zuen eta Max Centerreko zine aretoak egin zituzten arkitektoak (Pedro Marcos eta Ramon Losada bilbotarrak) soilik aurkeztu ziren. Zelai Arizti eraberritzeko lana Necso enpresari eman zitzaion eta 1998ko abenduan hasi ziren lanean. Horretarako hainbat aholkulariren laguntza izan zuten. Aretoa askotariko ikuskizunetarako egokia izan zedin Sarobe Zentroko Kike Santiagoren laguntza izan zuten. Hark eszenatokiak zein ezaugarri izan behar zituen, akustika eta argiztapena nolakoak izan behar ziren… zehaztu zuen.
Zine proiektorea saldu zuen enpresak, berriz, filmak ondo ikusi eta entzun ahal izateko baldintzak ezarri zituen. Zuzeneko ikuskizunek eta zineak akustika ezberdina behar dutenez, Audiolab enpresak laborategian neurketak egin zituen Zelai Arizti aretoko akustika bietarako egokia izan zedin.
Areto egoki baten gabezia gehien pairatu zutenak herriko kultur taldeak izan zirenez, eurak izan ziren zinema berria estreinatzeko ohorea izan zutenak. Honela, inaugurazio ofiziala baino astebete lehenago, herriko taldeek emanaldiak egin zituzten. Larunbat goizean Antxiñako Ama txistulari taldeak, Goiargi Txiki koruak eta Secundino Esnaola musika eskolako ikasleek saioak eskaini zituzten. Arratsaldean, berriz, Irrintzi dantza taldea aritu zen eta gauean Karmakros antzerki taldearen txanda izan zen. Igande eguerdian musika bandak kontzertua eskaini zuen eta arratsaldean Goizalde, Goiargi eta Kimets Goiargi koruak aritu ziren. Gainera, Jesus Segurolak Izadi eta gizaki arteko arremanetan lar liburua aurkeztu zuen.
Euskadiko Orkestra
Inaugurazio ofiziala hurrengo astean izan zen. Zinta mozketaren ondoren, Euskadiko Orkestrak kontzertua egin zuen. Zine komertzialaren lehen emankizuna aretoa ireki eta gutxira izan zen. Estreinaldia jendetsua izan zen, herritarrak zineaz gozatzeko irrikaz baitzeuden. Izan ere, zazpigarren artea Urretxu eta Zumarragara iritsi zenetik, 1993tik 2001erainoko etenaldia luzeena izan zen. 1920ko hamarkadan herriko lehen zinema zabaldu zenetik, 1936ko guda garaian izan ezik, ia asteburuero Zumarraga eta Urretxun filmaren bat ikusgai izan zen Itzalon eta Zelai Arizti zaharraren itxierara arte.
Zumarragako lehen zinema aretoa 1920ko hamarkada hasieran zabaldu zen Novedades izan zen. Areto hura Zelai Ariztiko eskoletan zegoen. 1936ko guda hasi arte egon zen zabalik. 1936an, Mola jenerala hurbiltzen ari zela eta, herrian gehiengoa ziren errepublikanoak eta inguruko herrietatik laguntzera etorri zirenak Zumarragaren defentsa antolatzen hasi ziren. Kanpotarrek nonbait lo egin beharra zutenez, zine aretoa horretarako egokitu zen. Dena den, ez zen hau garai hartan Zumarraga eta Urretxun zegoen zine bakarra. Urretxuko Ederrena pilotaleku zaharrean ere, aldagelen alboan, zine saioak eskaini ziren 1924tik aurrera eta 1930eko hamarkadarako Zumarragako parrokia atzealdean Itzalon izeneko zinema aretoa zabalik zen.
Itzalon eta Zelai Arizti
Zinema areto txiki haietan herritarrek garaian garaiko filma esanguratsuenak ikusi eta aktorerik miretsienak ezagutu ahal izan zituzten, 1950eko hamarkada amaieran askoz ere modernoagoak eta erosoagoak ziren Itzalon berriak eta Zelai Ariztik ateak zabaldu zituzten arte.
Itzalon berria elizak ireki zuen, Zumarragako erretorea zen Domingo Irigoienen ekimenez. Zelai Arizti, berriz, Tolosako Cines y Teatros Aroseagak. Enpresa horrek Victor Eusa arkitekto iruindarraren esku utzi zuen aretoaren diseinu lana. 1956an 1.000 pertsona ingururentzako lekua izango zuen zinema aretoaren planoa aurkeztu zuen, baina atzera bota zioten. Ondoren, bigarren proiektu bat aurkeztu zuen. Horretan 600 lagunentzako lekua zuen aretoarekin batera etxebizitzak ere azaltzen ziren eta horrela egin zen azkenean.
Zelai Arizti bere horretan mantendu zen, 1976an Txema Mendiola aparejadorearen eskutik fatxada eta barrualdea txukundu ziren arte (jatorrizko egurrezko eserlekuak erosoago batzuengatik aldatu ziren, besteak beste). Dena den, eraikinaren arkitekturak ez zuen aldaketarik izan eta 1998an hasi zen azken eraberritzean ere eraikinaren egitura bere horretan mantendu zen. Hala izanik, sarrera eta txarteldegia beti egon diren toki berean daude; baina taberna berria sarrera gelan jarri zen eta lehen taberna zegoen lekua ikuskizunetarako beharrezkoa den tresneria sartzeko erabiltzen da.
Eszenatoki handiagoa
Dena den, aretoak berak izan zuen eraberritzerik sakonena. Udalak era guztietako ikuskizunetarako egokia izango zen aretoa prestatu nahi izan zuen. Hori dela eta, eszenatokiak 92 metro koadro ditu (lehen 40 zituen) eta mota ezberdinetako bozgorailuak jarri ziren (batzuk filmak entzuteko eta besteak musika entzuteko). Ordutik, ehunka zine emanaldi egin dira eta Zelai Ariztitik punta-puntako aktoreak, musikariak, bertsolariak, dantzariak… pasa dira.
