Urolako Trenak 100 urte beteko lituzke aurten. Inaugurazioa 1926ko otsailaren 22an izan zen eta Burdinbidearen Euskal Museoak hainbat ekitaldi antolatuko ditu mendeurrena ospatzeko. Maratoi erdia ere egingo da, Zumarragatik Azpeitira. Zumarragako Udalak, berriz, argazki erakusketa antolatzeko asmoa du.
Trena duela 100 urte inauguratu zen, baina trena egiteko asmoa zaharragoa da. Zumarraga eta Zumaia artean trenbidea eraikitzeko lehen proiektua Pablo de Alzola ingeniariak aurkeztu zuen 1887an. Baina proiektu hori ez zen aurrera atera. Ezta ondorengoak ere. Gipuzkoako Foru Aldundiak, ekimen pribatua trenbidearen eraikuntzan parte hartzeko prest ez zegoela ikusirik, berak egitea erabaki zuen.
Hasieran asmoa 1924an inauguratzea zen, baina proiektuan egindako aldaketen ondorioz (linea elektrifikatzea, adibidez), lanak 1926an amaitu ziren. Inaugurazio ekitaldia 1926ko otsailaren 22an izan zen eta Alfonso XIII Espainiako erregeak parte hartu zuen.
Trenbideak zituen 36,613 kilometrotan 20 zubi, 29 tunel eta 13 geltoki zeuden. Geltokietako eraikinak estilo neoeuskaldunean egin ziren eta haien proiektuen egilea Ramon Kortazar arkitekto gipuzkoarra izan zen. 1950eko hamarkadan Olotzagako eta Agiñako geralekuak egin ziren. 1970eko hamarkadan, berriz, Danona altzari lantegiari zerbitzua emateko, geraleku txiki bat eraiki zen.
Siemens eta CAF
Trenari berari dagokionez, aldundiak zazpi automotore erosi zizkion Siemens enpresa alemaniarrari. Bidaiari kotxeak, berriz, Beasaingo CAFi erosi zizkion. Aldundiak hiru motatako 21 bidaiari kotxe erosi zituen. Horietako 14 Estatu espainiarreko trenbideetan ibili ziren metalezko lehenengoak izan ziren. Merkantzien zerbitzua egiteko hiru automotore eta 80 bagoi erosi ziren.
Bailarari zerbitzu bikaina eskaintzen bazion ere, Urolako trenbidea ez zen inoiz negozio ona izan aldundiarentzat: zazpi urtetan soilik eman zituen irabaziak. Merkantzien garraioa oinarrizkoa izan zen Azpeitiko, Azkoitiko, Zumarragako eta Legazpiko industriaren garapenerako, Zumaiako portua haien produktuentzako irteera bikaina baitzen. Baita ikatza ekartzeko toki bikaina ere. Baina 1960ko hamarkadaren amaieran errepideak trenbideari aurre hartu zion merkantzien garraioan. Hori dela eta, Urolako trenaren galerak handitu egin ziren eta inbertsio gabezia kronikoaren ondorioz linea zaharkitu egin zen.
1985ean aldundiak Eusko Jaurlaritzaren esku utzi zuen Urolako trenbidea. Jaurlaritzak tren zerbitzuaren ordez autobus zerbitzua ezartzea erabaki zuen. Urola bailarako udalak eta bizilagunak aurka azaldu ziren eta manifestazioak egin zituzten. Urolako trenean interbentore zen Inazio Galdona urretxuarrak gose greba egin zuen, baina ez zuten lortu jaurlaritzak herritarren nahia aintzat hartzea.
Trenak 1986ko uztailaren 14an egin zuen azken bidaia. Egun, Urolako trenbidearen zati handi bat bidegorria da. Aldundiak bidegorria Zumaiaraino luzatzeko asmoa du. Geltokiek, berriz, erabilera ezberdinak dituzte. Urretxukoa gaztetxe bilakatu da eta Zumarragakoa berritu egingo dute eta gizarte arloko gaietarako erabiliko da. Datorren urtean irekiko dute.
40 urte pasa dira ia trenak bere azken bidaia egin zuenetik, baina Urola bailarako bizilagunek ez dute ahaztu zubiak eta tunelak etengabe igarotzen zituen tren xelebre eta maitagarri hura.
