Aritz Kortabarria aktore zumarragarrak Juanma Bajo Ulloa zuzendari gasteiztarraren azken pelikulan lan egin du. Pertsonaia nagusietako bat egin du, gainera. Pelikularen izenburua El mal da eta datorren asteartean estreinatuko da, Madrilgo Gran Via kaleko Capitol aretoan.
Pelikulako protagonista Elvira da, arrakasta eskasa duen kazetari eta idazle anbiziotsua. Martin berarekin harremanetan jarriko da eta eskaintza asaldatzailea egingo dio: amesten duen arrakasta lortu ahal izango du, Martinen talentuari buruzko liburua idazten badu. Martinen talentua beldurgarria da, ordea: historiako hiltzaile handiena da. Elvirak eta Thomas editoreak beraien etika zalantzan jarriko dute, izugarrikeriari aurre egin beharko diete eta gaizkiaren benetako izaera ezagutuko dute. Kortabarria Chad da, Elviraren alabaren mutil-laguna.
2025a urte oparoa izan da Kortabarriarentzat. Hala, 2026an David R. Losadaren Odol ilargia telesailean eta Ione Hernandezen Hermanas pelikulan (Enma Suarez, Elena Anaya eta Joserra Bengoetxea aktoreekin lan egin du) ikusi ahal izango dugu. Horretaz gain, Catherine Zeta-Jones aktorearen Kill Jackie telesailean ere lan txiki bat egin du.

