Urretxu eta Zumarragako udalek zortzi antzerki saio antolatu dituzte
Urretxu eta Zumarragako udalek zortzi ikuskizun antolatu dituzte haurrentzako 2026rako, iaz baino bat gehiago. Abonuak Urretxuko Aizpurunea kultur etxean salduko dituzte, gaurtik aurrera. Lehen emanaldia hilaren 26an izango da. Emanaldi guztiak Urretxuko Labeaga aretoan izango dira.
Haurrentzako urte osoko programazioa 2008an finkatu zen eta 2016tik aurrera abonuak eskaintzen hasi ziren. Iaz, haurren programaziorako 89 abonu saldu ziren: 69 haurrari heldu batekin joateko eskubidea ematen ziotenak eta 20 haurrentzat bakarrik. Ikuskizun guztietarako 158 ikusle bermatu ziren, beraz.
Aurtengo programazioari dagokionez, Sarearen gomendioari jarraituz, zirkoa eta dantza ere txertatu dira. Urtarrilaren 26an Gorakada taldeak Moko antzeztuko du, otsailaren 22an Glu-Gluk Erbia eta dordoka, martxoaren 28an Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lorek Zerua lapurtu dute!, apirilaren 26an Baal-ek Espazioko bidaiariak, urriaren 4an Galitoonek The show moscon, azaroaren 1ean Markeliñek Hodei guztien gainetik, azaroaren 29an La Enara Naranjak Zimurren artean kontu kantari eta abenduaren 20an Teatrapok La premiere.
Moko antzezlaneko protagonista aurpegia desitxuratua duen haur bat da. Poesia egiteko duen ahalmenari esker, gainontzeko haurrek bere barruko edertasunari erreparatzea lortuko du. Erbia eta dordoka esfortzuaren eta iraunkortasunaren garrantziari buruzko antzezlana da. Pailazoen Zerua lapurtu dute! antzezlana unibertsoari buruzkoa da. Haurrak urrunera begiratzera gonbidatzen ditu, barrura ere begiratzeko.
Espazioko bidaiariak antzezlaneko protagonistak, berriz, gure planetara etorri nahi duten bi lagun dira. The show moscon euli handi batek aurkezten duen zirku dibertigarria da. Hodei guztien gainetik antzezlaneko protagonista semearekin jolasteari utzi dion aita bat da. Zimurren artean kontu kantari antzezlanak belaunaldi ezberdinak elkarrekin harremanetan jartzen ditu. Bukatzeko, abenduaren 20ko La premiere lanak zirkua eta antzerkia uztartuko ditu.
Sarrera eta abonuak
Emanaldi guztiak Labeaga aretoan izango dira 17:00etan, Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lorerena ezik. Horiek bi emanaldi eskainiko dituzte: 16:00etan eta 18:00etan. Sarrerek bost euro balio dute. Egunean bertan salduko dituzte, leihatilan, 16:00etatik 17:00etara bitartean. Pailazoen ikuskizunerako sarreren salmenta orduaz garaiz informatuko da.
Abonuei dagokienez, haurrenak 22,50 euro balio du eta haurrari heldu batekin joateko aukera ematen dionak 35 euro. Abonuak gaurtik hilaren 23ra salduko dira, 16:30etik 19:30era, Urretxuko kultur etxean.
