Haurrek eta nerabeek lau gune proposatu dituzte eta herritarrek horietako bat edo bi aukeratuko dituzte
Haurren eta Nerabeen Udal Planaren baitan, Zumarragako Udaleko Gazteria Sailak udalerriko haurrentzat eta nerabeentzat ingurune osasungarriagoak bermatzeko lanean jarraitzen du. Duela gutxi diagnostiko bat egin da eta gazteek tabakoaren eta vaper-en inguruko kezka azaldu dute. Praktika horiek bizitza sozialean, adingabeen zein helduen artean, normalizatuta egoteak dakarren arazoa salatu dute. Halaber, heldu askok ohitura horiek eguneroko errutinan txertatzeak ematen duen eredu txarraz ohartu dute. Hori guztia dela eta, udalak, gazteekin elkarlanean, kerik gabeko espazioak martxan jartzea erabaki du.
Lehenengo fasean, hiru ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleek Kerik gabeko guneak saioan parte hartu dute, Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearen eskutik. Tabakoaren eta beste substantzia batzuen eraginei buruz hausnartu dute, mitoak desmuntatu dituzte eta ohitura osasungarriak eta ingurunea zaintzea sustatu dute. Azken helburua nerabeen artean kontsumoa atzeratzea edo saihestea da. Horretaz gain, adin txikikoek kerik gabeko lau espazio proposatu dituzte: Euskadi plaza, Gazte Txokoa, Eitzagako parke berria eta Izazpi auzoko gazteentzako ekipamenduak.
Orain prozesuaren bigarren fasea hasiko da. Bigarren fase horretan, helduei adingabeek egindako eskaera arduratsuari erantzutera dei egiten zaie. Helduen inplikazioa lortzeko, gazteek hautatu dituzten lau espazioen inguruko bozketa egingo da. Hala, larunbatean, 11:00etatik 13:00etara, Urola Garaiko Minbiziaren Aurkako Elkarteak informazio postuak jarriko ditu merkatuan. Bertan botoak jasoko dira. Horrez gain, bozkatzeko formularioa urtarrilaren 30era arte egongo da eskuragarri udal webgunean, ahalik eta jende gehienaren inplikazioa errazteko. Gazteek proposatutako guneetako bat aukeratuko da. Bi gunek besteek baino askoz ere boto gehiago lortzen badituzte, bi aukeratuko dira.
Seinaleak
Bozkatzeko prozesua amaitu ondoren, hirugarren fasean, emaitzen berri emango da publikoki eta ekitaldi bateratu bat egingo da. Ekitaldi horretan, inplikatutako eragile guztiek parte hartuko dute (adingabeak, ikastetxeak, elkarteak eta herritarrak) eta identifikazio seinaleak jarriko dira aukeratutako guneetan.
Atzo prentsaurrekoa egin zuten, egitasmoaren berri emateko. Iñaki Mendiluze zinegotziak bozketaren emaitzak ez duela legezko debekurik ekarriko gogoratu zuen. «Bozketaren emaitzak ez du legezko debekurik ekarriko, ezta zigor ekonomikorik ere. Agindu moral eta kolektibo bat adostea da kontua, herri gisa gure haurrek eta nerabeek eskatzen digutenari erantzuteko aukera bat: tabako kontsumoaren eraginari buruz hausnartzea eta modu adostuan erabakitzen diren espazioetan ez erretzea. Ekimen honen helburua, beraz, ez da inor jazartzea, baizik eta osasunarentzat kaltegarria eta ekonomikoki garestia den kontsumo bat desnaturalizatzea, eguneroko bizitzan duen presentzia pixkanaka gutxitzen joateko asmoz, bereziki gaur egun haur diren etorkizuneko gazte eta helduen artean».
Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartetik eskerrak eman zizkioten Zumarragako Udalari. «Ekimen honek osasun publikoarekiko eta prebentzioarekiko konpromiso irmoa islatzen du, minbiziaren aurkako funtsezko zutabeak baitira. Bizi ohitura osasungarriak sustatzea funtsezkoa da. Tabakoarekiko esposizioa murriztea, minbizi mota askoren arrisku faktore nagusietako bat izanik, funtsezko neurria da. Gainera, garrantzitsua da mezu hori belaunaldi gazteenei helaraztea, batez ere vaper-ak bezalako gailu berrien gorakadaren aurrean, ez baitaude arriskutik salbuetsita. Kerik gabeko inguruneak sortzeak, babestu ez ezik, hezi ere egiten du, eta gizarte osasuntsuago bat eraikitzen laguntzen du».
Mendiluzek Zumarragako Udalak haurren eta nerabeen osasunaren alde lanean jarraituko duela aurreratu zuen. «Zumarraga osoaren ongizatea zaintzen duten ingurune komunitarioak sustatuko ditugu, prozesu parte hartzaileen bidez».
