Urretxuko Udalak euskal sukaldaritza eta mundukoa batzen dituen Sukaldanitzak egitasmoan izena emateko epea ireki du. Zortzigarren edizio honetan ere parte hartzea doakoa izango da.
Lehen saioa otsailaren 7an izango da eta hurrengoak otsailaren 28an, martxoaren 14an eta martxoaren 28an. Azken urteetan gertatu den moduan, aurten ere ramadana gurutzatuko da. Hori dela eta, otsailaren 28ko eta martxoaren 14ko saioak arratsaldez egingo dira, jakiak iluntzean partekatzeko. Otsailaren 7ko eta martxoaren 28koak, berriz, ohi bezala, goizez egingo dira. Beti bezala, parte hartzaileak Goierri kirol elkartearen egoitzan elkartuko dira. Erosketak egin ondoren, elkarrekin kozinatuko dute. Amaieran, elkarrekin prestatutakoa elkarrekin dastatuko dute, familia giroan.
Parte hartu nahi dutenek 693 900 568 zenbakira deitu behar dute edo aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikora idatzi. Tokiak mugatuak dira.
