EH Bilduk ez duela "neurriz kanpoko polemika hau gehiago elikatuko" esan du
Joan zen asteburuan Josu Jon Imazen aurkako pintada egin zuten Zumarragan eta PSE-EE eta EAJk horren inguruko adierazpen instituzionala onartu dute.
Zumarragan izandako “gizalegerik gabeko gertakarien ondorioz”, Mikel Serrano alkateak Bozeramaileen Batzordearen ezohiko bilera deitu zuen urtarrilaren 12an. Deialdiaren helburua izan zen gertakariak aztertzea eta, bere eskumenen esparruan, Zumarragako Udalako ordezkari politikoek izan zezaketen posizionamendu instituzionala baloratzea.
Batzarra urtarrilaren 14an, egin zen, eta, bertan aztertzeko testu bat aurkeztu zen. Idatzi horrek tokiko gobernua osatzen duten udal taldeen, PSE-EEren eta EAJren, babesa lortu du. Horra hor idatziaren edukia:
“Udal honek, Bozeramaileen Batzordearen bidez, bere gaitzespenik irmoena adierazi nahi du Josu Jon Imaz Repsoleko kontseilari delegatuaren aurka asteburuan agertutako pintaketak direla eta. Horrelako ekintza bandalikoek eta seinalamendu pertsonalek ez dute tokirik gizarte demokratiko eta plural batean. Desadostasunak ezin du inoiz justifikatu pertsonen aurkako erasoa, larderia edo gutxiespena, eta are gutxiago konfrontazioa eta bizikidetzaren hondatzea soilik sustatzen duten ekintza anonimoen bidez. Udal honek errespetua, pentsamendu askatasuna eta ideien adierazpen demokratikoa defendatzen ditu bizikidetzaren funtsezko zutabe gisa. Edozein indarkeria, hertsapen edo duintasun pertsonalaren aurkako eraso mota arbuiatzen dugu, eta elkarrizketan, tolerantzian eta elkarrekiko errespetuan oinarritutako gizarte batekiko konpromisoa berresten dugu. Horregatik guztiagatik, Bozeramaileen Batzordeak irmoki gaitzesten ditu gertakari horiek, elkartasuna adierazten dio kaltetutako pertsonari, eta herritarrei dei egiten die Zumarragan errespetua eta bizikidetza demokratikoa zaintzeko”.
Proposatutako testuaren egokitasunari eta edukiari buruzko eztabaidaren ondoren, eta udal talde ezberdinen barne eztabaida prozesuak amaitu ondoren, EH Bildu udal taldeak aurkeztutako proposamenarekin bat ez egiteko erabakia jakinarazi zuen. “Antzeko beste kasuetan izandako jarrera eta jokaera koherenteak jarraiki, ez dugu neurriz kanpoko polemika hau gehiago elikatuko”, adierazi du EH Bilduk.
