Zumarragako Argixao adinekoen egoitzako langileek manifestazioa egin dute, lan baldintza eta zerbitzu hobeen alde. %100eko lan kontratuak eta soldata arrakalarekin amaitzea eskatzen dute, besteak beste. 70 egun baino gehiago daramatzate greban. “Gipuzkoako erresidentzietako eta eguneko zentroetako negoziazio mahaia pasa den urtarrilean osatu zen. Urtebete ondoren, patronalek (Matia, Adegi eta Lares) ez dute sektoreak bizi duen prekarietatea eta soldata arrakala ezabatuko dituen proposamenik egin. Foru gobernuak iazko urte bukaeran Podemosekin egindako aurrekontu akordioan lan hitzarmen sektorial bat bultzatzeko konpromisoa hartu bazuten ere, ez dago inongo aurrerapausorik”, dio ELA sindikatuak.
