Eguzkiñek ipuina idatzi du eta Laurak marrazkiak egin ditu
Eguzkiñe eta Laura Garziandia ahizpa zumarragarrek Kolitas, Ena eta Pam-Pam haurrentzako liburua argitaratu dute Apuleyo argitaletxearekin. Eguzkiñek ipuina idatzi du eta Laurak ilustrazioak egin ditu. Datozen egunetan Zumarragan eta Urretxun aurkeztuko dute. Zumarragako aurkezpena bihar izango da, 17:30ean, liburutegian. Gonbidapenak agortu egin dira. Urretxuko aurkezpenari dagokionez, datorren asteartean izango da: 19:00etan, liburutegian.
Eguzkiñek Gizarte Hezkuntza ikasi zuen. Horretaz gain, animaliak oso gustuko ditu. Zaldiak, batez ere. «Animaliak eta Gizarte Hezkuntza izan dira nire lan esparruak. Familiekin lan egiten dut eta familietan animaliak daude. Animaliek familietan eta harremanetan duten pisua ikertu dut». Umetatik ditu gustuko animaliak. «Etxean beti izan ditugu animaliak: txakurrak, katuak… Gainera, zaldiekin asko ibili nintzen txikitan. Zaldiekin harreman berezia sortzen da».
Laurari umetatik gustatzen zaio marraztea. Batxilergo Artistikoa ikasi zuen Donostian. Ondoren, Gasteizera joan zen, Zaramagako arte eskolara. «Han, goi mailako gradua egin nuen. Bukatu nuenean, makillaje artistikoa ikasi nuen, beti gustatu baitzait. Ondoren, lanean hasi nintzen. Lurrindegi batean lan egin nuen eta egun ile-apaindegi batean lan egiten dut. Marrazketa beti gustatu izan zait eta umetan Zumarragako arte eskolara joan nintzen. Ez diot inoiz marrazteari utzi».
Hala, bere ahizparen proposamenari baiezkoa eman zion. «Testua aitaren egun batean idatzi nuen, martxoaren 19an. Etxean nengoen, ordenagailuaren aurrean jarri nintzen eta hori irten zen. Denbora dezente egon zen ilunpean, baina halako batean argitaratzea pentsatu nuen eta Laurari ilustrazioak egiteko eskatu nion. Bion arteko proiektua da», azaldu du Eguzkiñek.
Bera Iruñean bizi da eta Laura Zumarragan, baina ondo konpondu dira. Laurari gehien kostatu zaiona marrazketan buru-belarri murgiltzea izan da, denbora gutxi baitzuen. «Etxeko animaliak izan dira inspirazioa», aipatu du. «Animaliak ondo ezagutzen genituen eta irudi hori edukita, errazagoa izan da», gehitu du bere ahizpak.
Hiru istorio
Liburuan hiru istorio jaso dituzte. «Lehen istorioko protagonistak bi anai-arreba dira: Peru eta Gadea. Txakur bat hartu dute animaliak babesteko elkartetik eta txakurrarekin bizitzen ikasi behar dute. Peru liskarrak dituztenean txakurra beldurtu egiten dela konturatzen da, adibidez. Horrela, lasai egotearen garrantzia ikasten dute».
Bigarren istorioa katu bati buruzkoa da. «Protagonistak Peru eta Gadearen laguna den Yaima eta kaletik hartu duen katu bat dira. Ipuina Yaimaren eta katuaren arteko erlazioari buruzkoa da».
Hirugarren istorioari dagokionez, beste lagun bat (Andoni) eta bere aitonaren baserriko zaldia (Pam-Pam) dira. «Kuadrilla guztia Pam-Pam ezagutzera doa eta zaldiengana nola gerturatu behar diren ikasten dute. Animaliei esker, erlazio lasaiagoak eta errespetuzkoak lortzen ditugula erakusten dugu».
Liburua paperean argitaratu dute, baina teknologia berriak ere erabili dituzte. «Liburuak QR bat du atzealdean. QR horren eskutik, pertsonaia bakoitzaren istorioa hobeto ezagutu daiteke. Hori ere ikastetxeetan lantzeko baliagarria da, familia eredu ezberdinak ageri baitira».
Lehen aurkezpena Zumarragakoa izango da. «Zumarragarra izanda, lehen aurkezpena herrian egin nahi nuen. Iruñean bizi naiz, baina Zumarraga eta Urretxu lehenengoak izatea nahi nuen. Ondoren, Iruñean, Elkarren… aurkeztuko dugu», dio Eguzkiñek.
Liburuak bere ingurukoen artean harrera ona izan duela gehitu du. «Lankideek, lagunek, alabaren lagunek… liburua ikusi dute dagoeneko. Gustura nago, nahiz eta hobetu beharreko gauzaren bat dagoen. Argitaletxea Huelvakoa (Andaluzia, Espainia) da eta euskarazko liburu bat beraiekin argitaratzea ez da lan erraza izan. Gazteleraz ere argitaratu behar dugu».
Aurkezpenak
Ilusio handia egiten die liburua herrian aurkezteak. «Iruñean lasaiago egongo nintzateke, baina tira… Dena den, haurrekin erosoago egoten naiz», aipatu du. «Liburua ile-apaindegian jarri dugu eta haurrak gustura ari dira irakurtzen», gehitu du Laurak.
Etorkizunera berrira, beharbada, beste liburu bat argitaratuko dute pertsonaia berdinekin. «Beharbada, nerabezaroan kokatuko ditut. Dena den, pausoz pauso joan behar gara. Liburua gazteleraz argiratu behar dugu, harrera ikusi behar dugu… Ez denez nire lanbidea, lasai har dezaket».
