Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) manifestazioak egingo ditu urtarrilaren 31n Bilbon eta Iruñean, faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurka. Manifestazioari begira, Urretxu-Zumarragako GKStik faxismoaren eta estatuen autoritarismoaren aurkako mezuak zabalduz jarraitzen dute. Ostiral honetan, 17:30etik aurrera, bi ekitaldi egingo dituzte Zumarragako Zelai Arizti Kultur Etxean.
Lehenik, Alfon Fernandez militante antifaxistaren elkarrizketa bat proiektatuko dute (gazteleraz). “Alfonen kasua 2012ko azaroaren 14an Madrilen egindako greba orokorretik dator. Vallecaseko militante gaztea goiz hartan atxilotu zuten pikete batera zihoala, motxilan lehergailu bat eramatea egotzita. Prozesu judizialak zalantza handiak sortu zituen frogen inguruan eta Alfonek hasieratik salatu zuen muntai polizial baten biktima zela. Gaur egungo autoritarismorako joera ikusita, ezinbestekoa deritzogu errepresioa jasan dutenen irakaspenak jasotzea eta hauen inguruan hausnartzea. Errepresio kasu honen inguruan eta beste hainbat gaietan sakontzen du Alfonek. Hala nola: kartzelako egonaldian, faxismoaren gorakadan, mugimendu sozialistan…”.
Ondoren, 18:15ean, Manex Astigarragak Margolari umorezko bakarrizketa egingo du.
Bestalde, Bilboko manifestaziora joateko autobusak antolatu dituzte. Autobusak 16:00etan irtengo dira Zumarragako Correosetik. Autobuserako tiketak lortzeko, militanteekin kontaktuan jarri behar da edo Aitube tabernan izena eman.
