2019ko martxotik honako astelehenetan egin duten bezala, Goierriko pentsiodunak kalera atera ziren astelehenean ere. Goierri beheko pentsiodunak Ordizian elkartu ziren, eta Goierri garaikoak Urretxu-Zumarragan. Jan-edanarekin «ospatu» zuten zortzi urteko borroka, borrokaldiaren errepasoa egin ondoren.
Zortzi urte bete dira 2018an pentsiodunek manifestazio handiak egin zituztenetik. «2011ko eta 2013ko erreformen murrizketen eta pentsioen izoztearen ostean, 2018rako %0,25eko igoera barregarria izan zen basoa bete zuen tanta», adierazi zuten.
Duela zortzi urte, pentsiodunen haserreak Hego Euskal Herriko eta Estatuko hainbat hiritako kaleak bete zituen. «Pentsioen Errebalorizazio Indizea (0,25) indargabetzea eta Jasangarri-tasun Faktorea indarrean ez jartzea lortuz. Ezinezkoa zela esan zutenek (PP) Gobernua utzi behar izan zuten».
Dena den, «lehen helburuak lortuta», mobilizazioekin sortutako Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak aurrera jarraitu zuen, «oinarrizko eta ezinbesteko» aldarrikapenak planteatuz: «Pentsioen zenbatekoa soldataren %60ra murriztu nahi duten murrizketen erreformak indargabetzea, Pentsioen Sistema Publikoa (PSP) gure belaunaldiarentzat eta hurrengoentzat bermatzea, pentsioetan genero-arrakalarekin amaitzea, gutxieneko pentsio duinak eta nahikoak…».
Mobilizazio desberdinak
Urte hauetan guztietan, mobilizazio ezberdinak antolatu dituzte pentsiodunek helburu horiek lortzeko: «Eta murrizketa berriak ezartzea ekiditeko. Aurrera egin dugu, baina bidea dago egiteko lortutakoa atzeraezina izan dadin. Pentsioak murrizten ari dira, erretiro-adina handitzen, eta gutxieneko pentsioak miserableak dira oraindik».
Era horretan, «gutxieneko pentsio duinen aldeko borrokak helburu utziezina izaten jarraitzen du» pentsiodunen esanetan. «EAEko eta Nafarroako 178 udalek eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek 1.080 euroko osagarriaren alde egin zuten. Ondoren, EAEn, aldarrikapen hori lege proposamen bihurtu zen EAEko Legebiltzarrean, 2024ko urtearen amaieran aurkeztutako Herri Ekimen Legegilearekin, bertan Gutxieneko Pentsioa Gutxieneko Soldatarekin parekatzeko eskatzen genuen, pentsioen osagarri bat bermatu ahal izateko».
«Betoa»
Herri Ekimen Legegilea Legebiltzarrean eztabaidatu eta bozkatzea eskatzeko EHPMk egin duen kanpaina «arrakastatsua» izan bada ere, azaldu dute «dinamika eta parte-hartze sozial horri guztiari betoa jarri diola EAEko gobernuaren eta berau babesten duten EAJ eta PSEren» erabakiak. «Beren botoekin Herri Ekimen Legegilea Parlamentuan eztabaidatzea eragotzi dute. Demokrazia partehartzailearen, gobernantza kooperatiboaren eta abarren aldeko aldarrikapenak paper bustia baino ez dira».
Gogoratu dute Nafarroako Parlamentuak (tartean EAJ eta PSEk) gutxieneko pentsioaren osagarria 1.100 eurora igo duela 2026rako, hamalau ordainsaritan. «Positiboa da, baina ez da nahikoa, bereziki eskatutako baldintzengatik. Zergatik, EAJ-PSEk Nafarroan ahal dute, pentsioak osatu eta EAEn ez? Borondate politikoa izanez gero, ikusi da ahal dela Nafarroan».
Datorren astelehenean
Goierri beheko pentsiodunak Beasainen elkartuko dira astelehenean (11:00), Zubimuzun; Goierri garaikoak, Urretxu-Zumarragako Areizaga-Kalebarren plazan 11:30ean.
