Zumarragako Mentxu y Yone haurrentzako jantzi-dendak 50 urte beteko ditu irailean. Mari Carmen Munitxak ireki zuen eta egun bere alaba Yone da arduraduna.
Azken 50 urteetan gauza asko aldatu dira, baina bada Zumarragako eta inguruko herrietako familia askorentzat aldatu ez den bat: haurren arropa Mentxu y Yone dendan erosten dute. Secundino Esnaola kaleko denda horrek mende erdia beteko du irailean.
Denda Mari Carmen Munitxak ireki zuen, Mentxu eta Yoneren amak. Munitxa durangarra da, baina Juan Arakama zumarragarrarekin ezkondu zen eta hona etorri zen bizitzera. «Amak osaba baten enpresan lan egin zuen, Elorrion. Aitak tailerra zuen eta kanpora joatea tokatzen zitzaion. Elorrioko Elgeta tabernan ezagutu zuten elkar», azaldu du Yone Arakamak.
Alabak izan ondoren, Munitxak denda bat irekitzea erabaki zuen. «Beste garai bat zen. Bi alaba zituzten eta guk ez genuela tailerrarekin jarraituko pentsatu zuten. Hori dela eta, amak denda irekitzea pentsatu zuen. Koinata batek haurrentzako arropa-denda zuen eta hark eraginda edo bultzatuta, berak ere haurrentzako arropa-denda irekitzea erabaki zuen».
Dendan hazitakoak
Yone eta bere ahizpa haurrak ziren oraindik eta dendan hazi ziren. «Nire ahizpak 9 urte zituen eta nik 4. Dendan hazi ginen. Etxerako lanak dendan egiten genituen. Dendaren hazkundearen lekuko izan ginen eta amak bere ilusioa transmititu zigun. Ahizpak Enpresa ikasketak egin zituen eta finantzen munduan lan egiten du. Nik Zuzenbidea ikasi nuen eta alor horretan lan egin nuen. Asko gozatu nuen, baina denda ere asko gustatzen zitzaidan. Eman zigun guztia itzuli beharra niola sentitu nuen. Amari erretiroa hartzeko ordua heldu zitzaionean, erabaki beharra izan genuen: 2004an dendaren ardura hartu nuen, baina amaren eta ahizparen laguntza izan dut beti».
Merkataritza asko aldatu da azken 50 urteetan. «Bezeroek mila aukera dituzte eta zerbait ezberdina eskaini beharra dugu. Nazioarteko azoketara joaten gara. Urtarrila amaieran Parisera joango gara. Marka ezberdinetako arropa saltzen dugu. Marka bakoitzak bere esentzia du, baina guk gure aukeraketa egiten dugu eta horrela gure bilduma propioa egiten dugu. Gure burua bilduma horretan islatzen dugu. Norbaitek gure dendako arropa daraman pertsona bat ikusten duenean Mentxu y Yoneko arropa darama esatea nahi dugu», azaldu du.
50 urte hauetan bolada ezberdinak izan direla dio. «Hasieran arropa dotorea nagusitzen zen eta ondoren koloreduna iritsi zen, dibertigarria. Halako batean, feria batera joan ginen eta dena grisa eta beltza zela ikusi genuen. Egun, kolorera itzuli gara. Gainera, pandemiaren ondorioz, arropa erosoa nahi dugu».
Materialak ere asko aldatu dira. «Ingurumenari garrantzia ematen diogu. Ehunen konposizioa zaintzen duten hornitzaileekin lan egiten dugu. Ehun organikoak eta jasangarriak nahi ditugu. Kalitatezko arropa, atsegina eta iraunkorra. Ez dadila erabili eta botatzekoa izan. Bezeroek gero eta garrantzi handiagoa ematen diote horri, haur askok azaleko arazoak baitituzte».
Arakamak etengabeko hobekuntzari garrantzi handia ematen dio. «2016an denda eta irudi korporatiboa berritu genituen. Eta Singular Dendak egitasmoan parte hartzen dugu. Zigilua lortu genuen eta berezitasun maila gorena eman digute, gainera. Horretaz gain, 2025eko urrian interes turistikodun denda izendatu gintuzten. Hazten eta ikasten jarraitu nahi dugu. Egin beharrekoa da eta gustatu egiten zaigu, gainera», amaitu du.
