Intralogistika Aurreratuko Espezializazio Diploma eskainiko dute datorren ikasturtean
Urretxuko Smartlog enpresak eta Deustuko Unibertsitateak lankidetzarako hitzarmen bat sinatu dute, ingeniaritzaren arloan eta intralogistikan espezializatu nahi duten profesional eta graduatu gazteen prestakuntzan ekimen bateratuak gauzatzeko. Hitzarmena Nest proiektuaren barne sinatu da. Nest Urretxuko sarreran eraikitzen ari diren berrikuntza eta talentu zentroa da.
Smartlogek eta Deustuko unibertsitateak Intralogistika Aurreratuko Espezializazio Diploma Duala jarriko dute martxan 2026-2027 ikasturtean. 2027-2028 ikasturtean unibertsitateko masterra bihurtzeko asmoa dute. Programaren helburua intralogistikan espezializatu nahi duten profesional, gazte eta graduatu berriak prestatzea da. Diplomaren plan akademikoak hornidura katean, barne logistikan eta biltegiaren funtzionamendu optimoan espezializatzeko aukera ematen du, eta Adimen Artifiziala, robotika mugikorra, Big Data eta antzeko funtsezko teknologien ikuspegi integrala dauka txertatuta. Gainera, ikasleek enpresetan praktikak egingo dituzte.
Smartlogek beka programa bat bultzatuko du eta Intralogistika Aurreratuko Espezializazioko Diploma Dualaren lehen edizio honetan 12 ikasleren prestakuntza osoa finantzatuko du.
