Estadioak betetzea modan jarri da. Esperientziak bizitzeaz, ikuskizunaz, jendea elkartzeaz, ekitaldi historikoez… hitz egiten digute. Esperientziez eta ikuskizunez gozatzeko eta jendearekin elkartzeko ez dago herritik atera beharrik, ordea. Ezta dozenaka euro gastatu beharrik ere. Aspaldi asmatu zuten formula. Herri guztietan ditugu jendea elkartzeko eta mota guztietako ekitaldietarako balio duten tokiak. Zumarragan Zelai Arizti parkea da kuttunena. Ez dago munduan horrenbeste erabilera dituen pabiloirik!
Zelai Arizti parkea duela 150 urte baino gehiago egin zen. Parkea eta bertan egin zuten frontoia beti izan dira topaleku, baina inguruan eraikinak eta zerbitzuak gehitu ahala, jende gehiago erakarri dute. XX. mende hasieran Casino elkartea ireki zuten, 1960ko hamarkadan Zelai Arizti aretoa, 2008an Zelai Arizti kultur etxea… Gainera, jubilatuen egoitza eta herriko plaza gertu ditu eta bere azpian aparkalekua du.
Zelai Arizti Zumarragako bihotza dela esan daiteke. Edozein arratsaldetan, herritarrez gainezka egoten da. Baita neguan ere. Erreportaje honetako argazkiak urtarrilaren 16an ateratakoak dira, urteko egun tristeena izendatua zegoena baino hiru egun lehenago. Zelai Ariztin, ordea, alaitasuna zen nagusi. Pilotalekuan, pakistandarrak cricketean jokatzen, Eraztunbox boxeo taldeko gazteak entrenatzen, gurasoak berriketan eta haurrak jolasten. Casino elkartean, kuadrillak eta familiak afariak prestatzen. Casino elkarteko terrazan, guraso gazteak berriketan. Parkean, haurrak jolasean. Liburutegian, gazteak azterketak prestatzen.
Horiek guztiak etxera joan zirenean, Zelai Ariztik martxan jarraitu zuen: bandakoak kultur etxean entseatzen, ikuskizun eszenikoak gustuko dituzten herritarrak Zelai Arizti aretoan Lana dantza ikuskizunaz gozatzen…

