Gainzuri-Komentua proiektua martxan jartzea kostatzen ari da eta atzo horren inguruko eztabaida piztu zen Urretxuko osoko bilkuran. Gainzuri-Komentua eremuan etxebizitzak, igogailua eta goiko auzoetako irisgarritasuna hobetuko duten obrak egingo dira. Iazko martxoan promotoreari 10 etxebizitza gehiago egiteko baimena ematea onartu zen, baina oraindik ez du obra hasi. Hori dela eta, EH Bilduko Jon Altolagirrek promozio martxan noiz jarriko den galdetu zuen. Jon Luqui alkateak sustatzaileari lehenbailehen hasteko eskatu diotela eta hala egiten ez badu plan alternatibo bat martxan jarriko dela erantzun zuen. “Epe motzean hasiko dela esan digu. Proiektu garrantzitsua da udalarentzat eta bera mugitzen ez bada, gu mugituko gara. Duela aste batzuk berarekin elkartu ginen eta ez zen bilera atsegina izan”, esan zuen alkateak.
Altolagirrek “zirt edo zart” egitea eskatu zuen. “Atzerapena atzerapenarekin atzetik datorren proiektua da, aurreko legegintzalditik datorrena, eta zirt edo zart egiteko unea iritsi da. Gogora ekarri behar da ia urtebete dela HAPOaren aldaketa partzialaren behin-behineko aldaketa ekarri zenutela pleno honetara (2025eko martxoan), eta gaur gaurkoz oraindik prozedura hori ez da amaitu. Gogora ekarri behar da etxebizitzen promozioa eta goiko auzoek eta hezkuntza publikoarekin lotutako eraikinek hain beharrezkoak dituzten irisgarritasun azpiegiturak proiektu bakarrera ekartzea izan zela EAJren udal gobernuaren apustua, bi egitasmoak elkar hipotekatuz. EH Bildutik, ordea, hasieratik defendatu dugu irisgarritasun azpiegitura horiek modu independentean egin beharko liratekeela. Eta hain zuzen ere denborak arrazoi eman digu: gaur gaurkoz, proiektu osoa impasse egoera batean dago, ez aurrera, ez atzera. Edozein kasutan, EH Bilduk, duen arduratik, gure eskua zabalik dago horien inguruan eztabaidatu eta blokeo egoera honi soluzio bat emateko”.
Luquik bere legealdietan etxe asko egin direla gogoratu zion. “Guk behintzat etxeak egin ditugu. Zuen garaian zero etxebizitza egin ziren. Sustatzaileak ez du HAPOaren aldaketa behar obra hasteko. Gurekin dena ondo lotzen ez badu, ez diogula etxebizitza gehiago egiten utziko esan diogu. Guri plangintza bat ekartzea nahi dugu: tasak noiz ordainduko dituen, obraren epeak… Berak ere badaki denbora amaitzen ari zaiola. Denbora bukatzen zaionean, B, C edo D plana martxan jarriko dugu. Guk 197 etxebizitza egin ditugu. Gipuzkoan ez dago horrenbeste etxe egin dituen gure tamainako herririk. Ezin diguzue ezer leporatu, inon baino etxe gehiago egin dira biztanleko”.
