Antolatzaileek Caja Rural-Seguros RGA taldea gonbidatu dute eta, beraz, Diazek parte hartzeko aukera du
Caja Rural-Seguros RGA txirrindulari taldeak Frantziako Tourrean parte hartzeko gonbidapena lortu du lehen aldiz. Talde horretako txirrindularietako bat Alex Diaz urretxuarra da eta, beraz, denboraldi ona eginez gero, uztailaren 4an Bartzelonan hasiko den Tourrean parte hartzeko aukera du. Diaz oso pozik ageri da bere taldeak Tourrean parte hartzeko gonbidapena lortu duelako eta berak lehenengoz munduko lasterketa garrantzitsuenean parte hartzeko aukera izan dezakeelako.
Atzo (ostirala) Marseillan (Estatu frantziarra) zen, bihar (igandea) bertako La Marseillaise lasterketan parte hartuko baitu. Denboraldiko lehen lasterketa izango du. “Atzo (osteguna), prentsan eta sare sozialetan gure taldea Tourrera gonbidatu behar zutela irakurri genuen. Taldeko nagusiek lasai egoteko esan ziguten, oraindik ez baitzegoen erabat ziurtatuta. Marseillara bidean ginen Tourrean parte hartuko dugula baieztatu digutenean. Oso albiste ona da, noski. Sekulako poza izan da”.
Diazek, lehenengoz, Tourrean parte hartzeko aukerak ditu. “Ondoen dabiltzanak eramango dituzte, noski. Hori dela eta, denok dugu itxaropena. Oso egun pozgarriak izaten ari dira guretzat, Dauphine itzulian (Tour Auvergne-Rhone Alpes) eta Liege-Bastogne-Liege klasikoan ere parte hartuko dugula jakin baitugu. Iaz gure mailako bost onenen artean sailkatzea lortu genuen eta horri esker oso egutegi ona dugu eta World Tourreko lasterketetan (maila gorenekoak) parte hartzeko gonbidapenak lortzen ari gara. Itzulian eta Kataluniako Voltan ere parte hartuko dugu. Beti saiatzen gara ahal dugun onena ematen, baina horren proba garrantzitsuetan parte hartzeak motibazio berezia ematen du”.
Diazek lasterketa garrantzitsu horietan guztietan parte hartzeko itxaropena du, noski. “Horretan saiatuko naiz. Ni bezala, gainontzeko taldekide guztiak noski”. Bihar hasiko du Tourrera eraman diezaiokeen bidea: bihar Marseillako proban parte hartuko du, datorren astean Omaneko itzulian eta otsaila bukaeran Greziako bi klasikotan. “Hortik aurrera, ez dakit zein probatan parte hartuko dudan. Izan ere, World Tourreko gonbidapenen zain geunden. Taldeko inork ez daki oraindik martxotik aurrera non arituko den”.
World Tourreko lehen lasterketa Volta izango dute (martxoaren 23an hasiko da). Ondoren, Itzulia (apirilaren 6an hasiko da), La Fleche Wallonne (apirilak 22) eta Liege-Bastogne-Liege (apirilak 26) egingo dituzte. Bereziena Itzulia da, noski, etxekoa delako. Diazek lehenengoz parte hartuko luke. Liege-Bastogne-Liege, berriz, bost monumentuetako bat da. Historikoa. “Liege-Bastogne-Liege ondo ezagutzen dut, 23 urte azpikoen mailan hiru aldiz egin bainuen Baque taldearekin. Ibilbidea oso ondo ezagutzen dut, baina 23 urte azpikoen lasterketak 160 kilometro ditu eta profesional mailakoak 260. Amateur mailan ez nintzen gaizki ibili eta asko gustatuko litzaidake hara itzultzea, nahiz eta badakidan profesional mailan erabat ezberdina izango dela. Inoiz ez dut 230 kilometro baino gehiagoko lasterketa batean parte hartu”.
Itzulian edo Liege-Bastogne-Liege lasterketetan parte hartzea sekulakoa bada, zer esan Tourrari buruz… “Tourra txirrindulari guztion ametsa da. Hortik gora, ez dago ezer. Tourra da jende askok ezagutzen duen txirrindulari proba bakarra. Sekulako sona du. Tourrean parte hartzea sekulakoa izango litzateke. Gainera, herriko jende asko joango da ikustera, kuadrillakoak eta senitartekoak ere joango lirateke…”.
