Urretxuko Udalak euskal sukaldaritza eta mundukoa batzen dituen Sukaldanitzak egitasmoan izena emateko epea ireki du. Zortzigarren edizio honetan ere parte hartzea doakoa da.
Lehen saioa larunbatean izan zen eta hurrengoak otsailaren 28an, martxoaren 14an eta martxoaren 28an izango dira. Azken urteetan gertatu den moduan, aurten ere ramadana gurutzatuko da. Hori dela eta, otsailaren 28ko eta martxoaren 14ko saioak arratsaldez egingo dira, jakiak iluntzean partekatzeko. Martxoaren 28koa, berriz, ohi bezala, goizez egingo da. Beti bezala, parte hartzaileak Goierri kirol elkartearen egoitzan elkartzen dira. Erosketak egin ondoren, elkarrekin kozinatzen dute. Amaieran, elkarrekin prestatutakoa elkarrekin dastatzen dute, familia giroan.
Parte hartu nahi dutenek 693 900 568 zenbakira deitu behar dute edo aniztasuna@urretxu.eus helbide elektronikora idatzi. Tokiak mugatuak dira.
