Hilaren 22an Urolako Trenaren mendeurrena ospatuko da. Ekitaldi nagusiak Azpeitian izango dira, Burdinbidearen Euskal Museoan. Kontserbatzen den automotore bakarra zaharberritu dute eta 22an Urolako Trena maratoi erdia egingo dute. Korrikalariak Zumarragako geltokitik abiatuko dira eta proba museoan amaituko da.
Maratoi erdia Urolako Trenaren ibilbidean egingo dute, egun bidegorria dena. Lehen edizioan maratoi erdia egingo dute, baina 2027tik aurrera (Gipuzkoako Foru Aldundiak bidegorria Zumaiaraino luzatzen dutenean) maratoia egiteko asmoa dute. Dagoeneko 720 lagunek eman dute izena. Oraindik ere izena emateko aukera dago, kronoak.com webgunean. 800 korrikalarik parte hartuko dute, gehienez.
Parte hartzaileen artean Behobia-Donostia hirutan irabazi duen Chakib Lachgar izango da. Zortzi kenyarrek ere parte hartuko dute. Parte hartzaileek beraien markak hausteko aukera izango dute. Izan ere, ibilbidea oso aproposa izango da horretarako: ia une oro aldapan behera, baina aldapa biguna eta erregularra. Antolatzaileek munduko errekorra hautsi daitekeela uste dute (nahiz eta marka ez den homologagarria izango, aldapa behera delako).
Ekimen honen beste helburua bailarako ondare historikoaren balioa aldarrikatzea da, bisitariak erakartzeko. Otsailaren 22ko asteburuan, bailarako altxor ezagunez gain, zaharberritutako automotorea ikusi ahal izango da. Urolako Trenak bidaiariak garraiatzeko autopropultsatutako zazpi ibilgailu zituen eta hori bakarrik geratzen da. Siemens&Schuckert enpresa alemaniarrak egin zuen eta Zaragozako Carde y Escoriaza enpresak karrozatu zuen.
Horren guztiaren berri atzo eman zuten, Burdinbidearen Euskal Museoan bertan. Ekitaldian Susana Garcia Chueca Mugikortasun Jasangarri sailburuak, Azahara Dominguez Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketa diputatuak, Azkoitia, Azpeitia, Urretxu eta Zumarragako alkateek (Ana Azkoitia, Nagore Alkorta, Jon Luqui eta Mikel Serrano), Juanjo Olaizola museoko zuzendariak eta Asier Auzmendi maratoi erdiko antolaketa taldeko kideak parte hartu zuten.
