Parte hartzaileen artean Oier Ibarluzea urretxuarra izango da
Datorren asteazkenean Xabier Goñiren omenezko pilota txapelketaren 34. edizioa hasiko da Zumarragan. Urteroko moduan, afizionatu mailako pilotari onenek parte hartuko dute. Tartean, hiru goierritarrek: Oier Ibarluzea urretxuarrak, Beñat Garmendia beasaindarrak eta Ekhi Irribarria aramarrak. Ibarluzeak lau eta erdiko txapelketan parte hartuko du eta Garmendiak eta Irribarriak binakakoan.
Partida guztiak asteazkenetan jokatuko dira, Beloki pilotalekuan, 18:30ean. Final laurdenak otsailaren 18an eta 25ean eta martxoaren 4an eta 11n jokatuko dira, finalaurrekoak martxoaren 28an eta 25ean eta finalak apirilaren 1ean. Final laurdenen aurretik Beloki pilota eskolako haurrek jokatuko dute eta finalaurrekoetan eta finalean pilota txapelketa herrikoian parte hartzen ari diren bikoteek. Finala musika eskolako musikariek girotuko dute.
Finalaurrekoak eta finala zuzenean emango dituzte Kirolzaleren Youtube kanalean. Finalak ETB4n ikusi ahal izango dira biharamunean (Ostegun Santu egunean). Sarrerei dagokionez, final laurdenetan 5 euroan salduko dira, finalaurrekoetan 7 euroan eta finaletan 12 euroan. Abonuak ere salgai jarriko dituzte, 30 euroan. Abonua erosten dutenek eserlekua aukeratu ahal izango dute. Abonua erosteko 697 502 025 telefono zenbakira deitu behar da. Kirolzale.eus webgunean ere eskura daiteke.
Irribarria eta Garmendia
Final laurdenetako lehen jardunaldia datorren asteazkenean jokatuko da. Lau eta erdiko txapelketan, Muruak Izagirreren aurka jokatuko du. Binakako txapelketan, berriz, Arribillagak eta Elorzek, Galartza eta Apezetxearen aurka jokatuko dute.
Goierritarrei dagokienez, Garmendiak eta Irribarriak elkarren aurka jokatuko dute final laurdenetan. Martxoaren 4an, hain zuzen ere. Garmendiak Gutierrezekin jokatuko du eta Irribarriak Santestebanekin. Ibarluzeak martxoaren 11n jokatuko du final laurdenetako partida, Nazabalen aurka.
Goñiren omenezkoa afizionatu mailako txapelketa garrantzitsuenetakoa da. Duela urtebete bi enpresa profesional handietan lehiatzen ziren pilotarien %75ek txapelketa hau jokatu zutela aldarrikatu zuten antolatzaileek. Ordutik hona, ehunekoak nabarmen egin du gora. Izan ere, iaz Goñiren omenezkoan parte hartu zuten sei pilotarik profesional mailara salto egin dute edo salto egiteko zorian dira: Xabier Rekalde, Unai Amiano, Unax Landa, Beñat Apezetxea, Beñat Zubizarreta eta Carmelo Loza.
Horrela, 34 dira profesional gisa debuta egin aurretik Zumarragan lehiatu ziren pilotariak. Baikoko 18 (Amiano, Artola, Bakaikoa, Jaka, Larrazabal, Senar, Peña, Landa, Laso, Zubizarreta anaiak, Aranguren, Albisu, Imaz, Morgaetxeberria, Lizeaga, Mariezkurrena eta Ugartemendia) eta Aspeko 16 (Alberdi, Aldabe, Altuna III, Apezetxea, Bikuña, Egiguren, Elordi, Erostarbe, Ezkurdia, Gabirondo, Gaskue, Loza, Murua, Peio Etxeberria, Rekalde eta Salaberria).
Edizio honetan izango diren Elorz, Murua, Etxeberria, Irribarria eta Sotilek aurrekontratuak dituzte. Zerrenda hori handitzeko hautagai argiak dira, beraz.
