Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketaren bigarren kanporaketa ostiralean jokatu zen Ordiziako Kiska tabernan, eta Amaia Iturriotz, Beñat Torres eta Uxue Fernandezen taldea izan zen martxoaren 7an Lazkaon jokatuko den eskualdeko finalerako txartela lortu zuena. Beasaingo Oriako Tramanak taldearekin batera arituko dira finalean.
Hirugarren talde batek osatuko du eskualdeko finaleko lehia eta hurrengo kanporaketan erabakiko da hori. Ostiral honetan jokatuko da, hilak 20, Ataungo Oargin, eta aurreko bietan ez bezala, bi talde arituko dira nor baino nor: Manex Mantxola, Mikel Iturriotz eta Antton Fernandez bertsolari urretxuar-zumarragarrak, eta Aratz Igartzabal, Eneko Araiztegi eta Mikel Etxezarreta.
Hiru kanporaketetako irabazleak Goierriko finalean neurtuko dira, Lazkaoko Biziolan, martxoaren 7an, eta finala irabazten duenak, Tolosaldeko ordezkarien aurka izango du saioa, Zaldibian.
