Gure herrietan mota askotako altxorrak daude. Ezagunenak eraikinak dira, baina zuhaitzak ere ondarearen parte dira. Urretxuko altxor baliotsuenen artean Gernikako Arbolaren bi kimu daude.
Altxor mota asko daude. Materialak eta ez materialak. Lehenengoen artean, gizakiak eraikitakoak eta naturarenak daude. Urretxuarren harribitxi kuttunen artean bi zuhaitz daude: Iparragirreren estatuaren ondoan dauden Gernikako Arbolaren bi kimu. Margolariek Eiffel dorrea bezain ondo zaintzen dituzte Urretxuko lorezainek plazako bi haritzak. Joan zen astean adar lehorrak kentzen eta puntak mozten aritu ziren.
Urretxuko Udalak garrantzi handia ematen dio zuhaitzen zainketari eta tarteka Samuel Alvarez arbolazainari deitzen dio azterketa egin dezan. Arbolazainak zuhaitzen medikuak dira: tomografo izeneko gailu baten bidez, arbolen egoera aztertzen dute. Gailu horren eskutik, arbola barrutik nola dagoen ikusten dute. Duela bi urte izan zen azkenekoz Urretxun eta plazako bi haritzak ondo zeudela ikusi zuen. Udazkenean Urretxura etorriko da berriro. Tamaina handiko zuhaitzak begiratuko ditu batez ere, erorketa arriskuak saihesteko.
Garai batean, Gernikako Arbolaren hiru kimu zeuden Urretxuko Iparragirre plazan. Duela 9 urte erdikoa kendu egin zuten, lehortzen ari baitzen. Gainera, joan zen astean lorezainek kimatu zutenari kalte egiten zion.
Iparragirre plazako bi haritzetako bat, ahulena, Trantsizio garaikoa da. Bestea, handiena, zaharragoa da. Kendu zutena ere zaharra zen. Oso gaixo zegoen, lehortzen ari zen eta bi adar bakarrik gelditzen zitzaizkion. Lorezainek ez zioten urtebete baino gehiago ematen eta botatzea aholkatu zuten.
Duela urte batzuk aparkalekua egin zuten plazaren azpian eta horrek Gernikako Arbolaren kimuei kalte egin zien. Dena den, gelditzen diren biek osasun ona dute. Txikia ahulagoa da, ondoan tokia kentzen zion bat izan zuelako.
Herri gutxitan dituzte Gernikako Arbolaren horrenbeste kimu. Horren arrazoia argia da: Joxe Mari Iparragirre, Gernikako Arbola ereserkiaren sortzailea, urretxuarra zen. Herriko hilerrian Gernikako Arbolaren beste kimu bat dago. Iparragirreren mausoleoaren ondoan, hain zuzen ere. Kimu hori ere Trantsizio garaikoa da.
Urretxuko Udalak beste kimu bat ere eskuratu zuen. Hori ez zuten Urretxun landatu, Alemanian baizik. Urretxu herrialde horretako Schwarzenbruck herriarekin senidetuta dago eta alemaniarrei oparitu zioten. Udaletxeko lorategian landatu zuten.

