Tokiko talentua indartzea eta ezagutzera ematea, Urretxu eta Zumarragako musikarien elkartearen aro berriko erronka
Mutamuk, Urretxu eta Zumarragako musikarien elkarteak, anbizio handiko proiektu batekin hasi du bere aro berria, entsegu lokaletatik haratago doana: tokiko talentua ikusaraztea eta indartzea.
Elkarteak batzar irekia egin zuen astelehenean eta proiektu berria aurkeztu du, denboraldi batez geldirik egon ostean. Zuzendaritza berria eta proiektu berritua buru dituela, elkarteak Urretxu eta Zumarragako musikarien ordezkari gisa duen solaskide papera berreskuratu nahi du, udalekin modu aktiboan elkarlanean aritzeko, entsegu lokalen egoera hobetzeko eta, batez ere, udalerriko musika eszena alternatiboari balioa emateko.
Mutamuren zuzendaritza berriak argi utzi nahi izan du lehen momentutik bere asmoa ez dela konfrontazioa, baizik eta instituzioekin “lankidetza leial eta eraikitzailea sortzea”. Batzarrean beharrei egokitutako hainbat proposamen zehatz aurkeztu ziren eta udalei jakinaraziko dizkiete.
Mutamuk ez du azpiegitura arazoak konpontzera mugatu nahi. Elkartearen etapa berriak “benetan garrantzitsua den horretan” jartzen du fokua: musika egiten duten pertsonengan eta Urretxun eta Zumarragan dagoen talentuan. “Lokaletatik harago joan nahi dugu”, azaldu dute Mutamuko zuzendaritza batzordeko kideek. “Entseguak egiteko espazio duinak behar ditugu, noski, baina hori lehen urratsa baino ez da. Gure benetako helburua musika komunitate bizia eraikitzea da, formakuntza eskainiko duena, sareak sortuko dituena, jarduerak programatuko dituena eta, batez ere, bertako musikariei balioa emango diena. Talentu handia dago herri honetan, eta ikusi, entzun eta haztea nahi dugu”.
Ildo horretan, elkartea dagoeneko hasi da prestakuntza tailerrak, musikarien arteko topaketak eta kontzertuak planifikatzen, tokiko sorkuntza ikusarazteko. “Ez dugu aldarrikapen elkarte bat soilik izan nahi”, gaineratu dute, “Urretxu eta Zumarragako musikariak garatu, ezagutu eta erakutsi ahal izateko tresna izan nahi dugu”, gehitu dute.
Proiektu berria aurretik egindako lan gogorraren fruitua dela esan dute. “Ekintzekin hitz egiten dugula erakutsi nahi dugu. Ez gatoz ezer eskaini gabe ezer eskatzera. Ezagutza, borondatezko lana eta, batez ere, udalerriko musika guneen benetako erabiltzaile izatearen zilegitasuna eskaintzen dugu”.
Parte hartzeko deia ere egin dute. Mutamuk musikari guztiak gonbidatu ditu (taldeak, talderik gabeko musikariak eta zaleak) proiektuarekin bat egitera. “Zenbat eta gehiago izan, orduan eta indartsuagoa izango da gure ahotsa”, diote.
Zuzendaritza berria baikor baina errealista agertu da. “Badakigu ez dela erraza izango. Baina nahiago dugu elkarrekin saiatzea, bakarka etsitzea baino. Urretxu eta Zumarragako eszena alternatiboak isiltasuna baino zerbait gehiago merezi du”.
Mutamurekin harremanetan jarri nahi dutenek, mutamuelkartea@gmail.com-era edo @mutamuelkartea (Instagram) idatzi dezakete.
