Txema Iriberrik eta Fernando Gallardok irabazi dute Euskal Herriko mus txapelketako Urretxu eta Zumarragako kanporaketa
Euskal Herriko mus txapelketako Urretxu eta Zumarragako kanporaketa atzo jokatu zen, Goierri kirol elkartearen egoitzan. Txema Iriberri eta Fernando Gallardo nagusitu ziren. Beraiek ordezkatuko dituzte Urretxu eta Zumarraga Gipuzkoako finalean. Gipuzkoako finala martxoaren 7an jokatuko da eta Euskal Herrikoa martxoaren 28an. Azken hau Amasa-Villabonan izango da. Beti bezala, sari bikainak izango dira. Txapeldunek 3.000 euro eta Karibera bidaia irabaziko dituzte, txapeldun ordeek 1.500 euro eta Karibera bidaia, hirugarren sailkatuek 750 euro eta asteburuko egonaldia lau lagunentzat eta laugarren sailkatuek 500 euro eta euskara ikasteko urte osorako bi matrikula. Hurrengo hamabi bikoteek ere sariak jasoko dituzte. Eta Gipuzkoako finalean ere sariak banatuko dira.
