Zumarragako Udalak pantailarik gabeko aisialdia sustatuko du haurren eta nerabeen artean, mahai jokoen bidez. Egitasmoa Jolasenea elkartearekin batera sustatuko du.
Ekimenaren helburua aurrez aurreko interakzioa sustatzea, gailu elektronikoen aurreko aisialdi denbora murriztea eta
jolas partekatuaren bidez garapen pertsonala eta soziala sustatzea da. Mahai jokoak horretarako aproposak direla uste dute, lankidetza komunikazioa, enpatia, sormena, memoria eta pentsamendu kritikoa estimulatzen baitituzte.
Iaz proiektu pilotua egin zuten eta, harrera ona ikusirik, egitasmoa finkatzea erabaki dute. Aurtengo programazioak bi kategoria izango ditu: aisialdia familian eta Blood on the Clocktower zikloa.
Aisialdia familian kategoriari dagokionez, sei saio egingo dituzte gurasoen eta seme-alaben arteko jolas partekatua sustatzeko. Igande honetan, hilaren 29an, apirilaren 19an, maiatzaren 31n, urriaren 25ean eta azaroaren 22an izango dira: 17:00etatik 20:00etara, azokako arkupeetan.
Blood on the Clocktower, berriz, gazteek eta helduek gehien eskatzen duten jokoa da. Lau saioa egingo dira: apirilaren 24an, urriaren 16an, azaroaren 13an eta abenduaren 11n, 18:30etik 20:45era, Zelai Arizti kultur etxean. Aldez aurretik izena eman behar da.
Parte hartzea bultzatzeko, gutxienez sei saioetan parte hartzen dutenen artean mahai joko bat zozkatuko dute.
Egitasmoa astelehenean aurkeztu zuten, Zelai Arizti kultur etxean. Aurkezpen ekitaldian Iñaki Mendiluze Gazteria zinegotziak eta Jolaseneako Juanma Begiristainek parte hartu zuten. Herritarrak parte hartzera animatu zituzten.
