Urretxuko Udalak datozen egunetan jarriko du martxan komun publiko autogarbigarri berria, brigadak irisgarritasuna bermatzeko azken lanak amaitu eta hornidura elektrikoa aktibatzen denean. Aurreikuspenen arabera, 10-15 eguneko epean egongo da erabilgarri. Komuna bidegorrian dago, Barrenkaleko parkearen ondoan (San Martin auzoaren parean).
Auzotarrek 2025eko aurrekontu parte hartzaileetako bileretan inguru horretan komun bat jartzeko eskaera egin zuten. Hasieran bidegorri ondoan kokatzeko proposamena jaso zen, eta haur parke estalia gertu izanik, gune hori egokitzat jo zen. Komun hau bidegorrian kokatzen den hirugarrena da.
Barruk komun nagusiak irisgarritasuna bermatzen du eta mugikortasun urriko pertsonentzako egokituta dago. Kanpoko kabinak, modelo honetako komunetan ohikoa den bezala, ez du irisgarritasun osoa betetzen koxka txiki bat duelako.
Komuna doakoa izango da, aurretik jarritako beste biak bezala, eta egunero 07:00etatik 23:00etara egongo da zabalik.
Aurrekontua 80.000 euro ingurukoa da. Hornidura Lorke enpresak egin du; ura eta saneamendua Aquarbe enpresak, eta instalazio elektrikoa Ezpeleta herriko enpresak.
Urretxuko komun publikoak astelehenetik larunbatera garbitzen dira, eta hiru hilabetero mantentze errebisioak egiten dira.
Komuna guztiz automatikoa izango da, ireki eta ixteko sistema eta erabilera bakoitzaren ondorengo garbiketa automatikoa barne.
Matxuraren bat gertatuz gero, herritarrek udaletxera deitu behar dute edo udaltzaingoari jakinarazi.
