Joseba Iturbek Zumarragako Galilea taberna berriro irekiko du, ostiralean. Taberna 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00etara irekiko du. Iturbek esperientzia handia du ostalaritza munduan. Goierri kirol elkartearen areto futbol taldearen txosnan eman zituen lehen pausoak eta ondoren Donostian, Zegaman, Zerainen eta Beasainen lan egin du. Urretxu eta Zumarragari dagokionez, Santa Barbaran, Foxen eta Hutsen lan egin du.
Galilea taberna duela 56 urte ireki zuten, Orbegozo enpresako greba sonatuaren garaian. Errioxar jatorriko bi bikotek ireki zuten: Josemari Galilea eta Julia Ramirezek eta Jesus Galilea eta Rosario Tejadak. Jesus izan zen Zumarragara etortzen lehena. Koinatu baten bitartez etorri zen eta Orbegozo enpresan lan egiten hasi zen. Ondoren, bere anaia eta bere koinata etorri ziren. Bi bikoteek Eitzagako Korta taberna hartu zuten. Handik urte gutxira, bi bikoteek Galilea taberna ireki zuten Urdaneta hiribidean. Beraiekin Josemari eta Jesusen anai batek lan egin zuen: Juanito Motxok.
Ondoren, familiako bi lehengusuk hartu zuten erreleboa: Maria Ramos Galileak eta Rosi Galileak. Maria Ramos, Josemari eta Juliaren alaba da. Rosi, Jesus eta Rosariorena. Duela 10 urte Rosik erretiroa hartu zuen eta Rosa Ortegak hartu zion lekukoa. Rosa eta Rosi koinatak dira. Ramosek erretiroa hartu zuen 2022an eta iaz arte Rosa arduratu zen tabernaz. Iazko martxoan itxi zuen.
