Gaur arratsaldean Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruko adierazpen instituzionala irakurri dute Urretxuko udaletxean. Ekitaldian Goierri garaiko lau udaletako ordezkariek parte hartu dute: Jon Luqui Urretxuko alkate eta mankomunitateko lehendakariak, Arantxa Gonzalez Zumarragako zinegotziak, Julen Azpeitia Urretxuko zinegotziak, Nerea Lopez de Heredia Legazpiko zinegotziak eta Isabel Flores Ezkio-Itsasoko zinegotziak.
Horra hor adierazpen instituzionala:
Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreal eta eraginkorrarekin dugun konpromisoa irmoki berresten dugu. Printzipio demokratiko hori ukaezina da, eta gizarte justu, aske eta kohesionatu baten funtsezko zutabea.
Gaur, ahotsa irmo altxatzen dugu berdintasuna defendatzeko eta aldarrikatzeko, bere diskurtsoa zokoratzen eta zalantzan jartzen ari baita komunikabideetan, sare sozialetan eta, modu kezkagarrian, giza harremanetarako eguneroko espazioetan.
Historian zehar berdintasunaren aurrerapenen aurrean gertatu den bezala, mugimendu antifeminista baten goraldian gaude gaur egun, diskurtso erreakzionario eta misoginoetan adierazten dena. Narratiba horiek oinarrizko konkistak zalantzan jartzea, nahasmendua sortzea eta indarkeria matxistaren existentzia deslegitimatzea bilatzen dute. Diskurtso antifeministak erasoaldi politiko eta kolektiboki antolatua osatzen dute, eta eztabaida publikoan ezin dira beste iritzi bat bezala onartu .
Berdintasunaren defentsa ez da aukera bat, ezta ideologia bat ere: giza eskubide unibertsala da, aitortua eta babestua. Hamarkadetan kolektiboki borrokatuz eta lan eginez lortu duten eskubidea da emakumeek, mugimendu feministak, erakundeek eta pertsona aliatuek, batez ere, diskriminazioa desagerrarazteko, askatasunak zabaltzeko eta guztientzako aukerak bermatzeko
Berdintasunean hezten duen, estereotipoak baztertzen dituen eta errespetuan, askatasunean eta duintasunean oinarritutako harremanak sustatzen dituen gizartea aldarrikatzen dugu; baita indarkeria matxistaren biktimak eta bizirik atera direnak aintzat hartzen, laguntzen eta entzuten dituena ere. Izan ere, ozen eta garbi esaten dugu berdintasunik gabe ez dagoela erabateko demokraziarik, eta indarkeria matxista desagerrarazi gabe, ez dagoela guztiontzako askatasunik.
Martxoaren 8an, euskal udalek dei egiten diegu herritar guztiei eta erakunde guztiei batuta eta elkartuta irmo egon gaitezen lortutako eskubideak defendatzeko eta , atzera pausurik gabe, berdintasun erreal eta eraginkorrerantz aurrera egiten jarraitzeko.
Horregatik Urola Garaiko Udal Elkarteak eta berau osatzen duten Udalek konpromiso hauek hartzen dituzte:
• Urola Garaiko ikastetxe guztietan “Ziberindarkeria matxistari aurre egiteko prebentzio programa” lantzen jarraitu eta Legazpi, Urretxu eta Zumarragako Nerabe Zerbitzuetan lanketa espezifikoak egitea, haien jarrera antifeministak eta maskulinitate toxikoak desmuntatzeko.
• Baliabideak eta egiturak zaintzea eta babestea, gure udalerrian berdintasun-politikek aurrera egiten jarrai dezaten.
Dei egiten diegu herritarrei bat egin dezaten Martxoak 8-Emakumeen Nazioarteko Egunean antolatzen diren deialdi eta aldarrikapenekin.
