Manex Mantxola, Mikel Iturriotz eta Antton Fernandezen Zumarraga-Urretxu 1 bertsolari taldeak irabazi du Goierriko finala
Atzo Gipuzkoako Herriarteko bertso txapelketako Goierriko finala jokatu zen Lazkaon. Manex Mantxola, Mikel Iturriotz eta Antton Fernandezen taldeak batu zituen puntu gehien.
Zumarraga-Urretxu 2 (Beñat Torres, Uxue Fernandez eta Amaia Iturriotz) eta Beasaingo Oriako Tramanak (Maddi Aiestaran, Duna Urteaga eta June Aiestaran) ere aritu ziren finalean.
Goierriko bertso munduko jendea bildu zen Lazkaon. Eguerdian, bertso poteo girotua egin zuten eta ondorengo bazkarian 35 lagun elkartu ziren, Biziolan. Bazkalostean, Alaitz Sarasolak XVII. mendean epaitu zituzten Zaldibiako emakumeen inguruan egindako bertso-sorta kantatu zuten. Herriarteko txapelketako Goierriko finalarekin amaitu zuten eguna.
Zumarraga-Urretxu 1ek Tolosaldeako garailearen aurka jokatuko du hurrengo kanporaketa, apirilaren 17an, Zaldibian.
Gipuzkoako Herriarteko txapelketan lehenik eskualdekako kanporaketak jokatu dira. Orain, eskualde bakoitzeko irabazleek elkarren artean jokatuko dute finalaurrekorako txartela. Finalaurrekoetako bi saio ondoren erabakiko dira zein taldek kantatuko duten maiatzaren 30ean, Aiako probalekuko finalean.
Argazkiak: Gorka Santesteban.

