Xabier Goñiren omenezko pilota txapelketa abian da. Urteroko moduan, afizionatu mailako pilotari onenak parte hartzen ari dira. Asteazken honetan Oier Ibarluzea urretxuarrak final laurdenetako partida jokatuko du. Asteazkeneko lehen partida Beloki pilota eskolako haurrek jokatuko dute: Ander Zalduak eta Aquiles Moralesek, Martin Zabalo eta Luken Mesoneroren aurka jokatuko dute. Ondoren, promesa mailako lau t’erdiko txapelketan, Ibarluzeak Nazabalen aurka jokatuko du. Bukatzeko, elite mailako binakako txapelketan, Lizeagak eta Sotilek, Igoa eta Bernaolaren aurka jokatuko dute. Pilota jaialdia 18:30ean hasiko da.
Finalaurrekoak martxoaren 18an eta 25ean jokatuko dira eta finalak apirilaren 1ean. Ibarluzeak, asteazkeneko partida irabazten badu, Beitia II.ren aurka jokatuko du finalaurrekoa. Martxoaren 25ean, hain zuzen ere.
Finalaurrekoak eta finala zuzenean emango dituzte Kirolzaleren Youtube kanalean. Finalak ETB4n ikusi ahal izango dira biharamunean (Ostegun Santu egunean). Sarrerei dagokionez, final laurdenetan 5 euroan salduko dira, finalaurrekoetan 7 euroan eta finaletan 12 euroan.
