Meskita Alhijra elkarteak antolatuta, Ramadanaren amaiera ospatzeko ekitaldi irekia egingo da larunbatean, 18:00etatik aurrera, Izazpiko kantxa estalian. Bertaratzen direnek Ramadaneko baraualdia elkarrekin hautsiko dute eta henna eta arabiar kaligrafia ikastaroak emango dira.
Ekimenaren helburua Ramadanaren amaiera ospatzea da, baina, batez ere, herriko auzokideen arteko topagune bat sortzea, kultura desberdinen arteko harremanak indartuz eta elkar ezagutza sustatuz. Antolatzaileek gutxienez 200 lagunen parte hartzea aurreikusten dute. Zumarragako Udalak, Gizarte Zerbitzuen eta Berdintasun sailaren bidez, jarduera hau babestu du, espazio publikoa erabiltzeko baimena eta beharrezko materiala utziz. Ekimen hau Elkarzainduz eskuhartze komunitarioko planaren barruan dagoen Tau-taupadak programan kokatzen da, herritarren arteko harremanak, errespetua eta elkarzaintza sustatzeko helburua duten jardueren baitan. Auzo bazkari hau Zumarragan bizi den aniztasunaren isla izango da, eta herritarrei elkarrekin egoteko, partekatzeko eta komunitatea indartzeko aukera eskainiko die. Udalak parte hartzera deitu ditu herritar guztiak.
