Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Azahara Dominguezek, mugikortasunarekin (bere departamentuko hiru arloetako batekin) lotutako ikasketak eskaintzen dituzten Lanbide Heziketako zentroetara egiten ari den bisita sortarekin jarraitzen du. Oraingoan, Zumarragan izan da, eta bertan Urola Garaiko Lanbide Eskola (UGLE) ezagutzeko aukera izan du. Topaketa ibilbide hau 2024an abiatu zen, diputatuak Gipuzkoan dauden profil profesionalak ezagutzeko zuen interesari erantzunez, baita etorkizuneko erronkei aurre egiteko epe laburrean lurraldean sortzen ari diren eta sortuko diren beharrak identifikatzeko ere.
Gaur, Dominguezek Zumarragako zentroa bisitatu du, mugikortasunarekin lotutako hainbat ikasketa eta prestakuntza eskaintzen baititu. Berarekin batera izan dira herriko alkatea, Mikel Serrano; Urola Garaia Mankomunitateko eta UGLEko patronatuko presidentea, Jon Luqui; fundazioko zuzendaria, Xabier Arratibel; eta zentroko zuzendaria, Gorka Iturzaeta. Ibilbidean zehar, instalazioak bisitatzeko eta ikasleek praktikak egiteko erabiltzen duten simulagailua bertatik bertara ikusteko aukera izan du. Halaber, ikasle eta irakasle talde batekin hitz egiteko tartea ere izan du, eta haiekin partekatu ditu Gipuzkoako mugikortasunaren inguruko kezkak eta erronkak.
Ildo horretan, diputatuak azaldu du bere departamentua “apustu estrategikoa” egiten ari dela Gipuzkoan mugikortasun jasangarriaren alde, garraio publikoa sustatuz. “Une nahasia bizitzen ari gara, eta horrek kezka handia sortzen du familia askotan, erregaiaren prezioak etengabe gora egiten duelako”, adierazi du. Egoera horren aurrean, Dominguezek zuzentzen duen departamentuak “Gipuzkoako garraio publikoaren historiako aurrekonturik handiena bultzatu du: 68,4 milioi euro, gipuzkoar guztiek kalitatezko garraio publikoaren alternatiba izan dezaten, mugikortasunerako duten eskubidea bermatzeko eta pertsona guztiek hezkuntza, osasuna, enplegua edo aisialdia bezalako eskubideetara aukera berdinez iritsi ahal izateko”.
Halaber, diputatuak azpimarratu du une historiko honi erantzuteko “ondo prestatutako profesionalak izatea” funtsezkoa dela. Izan ere, Mugi sistemaren sarean 92 milioi bidaia baino gehiago erregistratu ziren 2025ean, inoiz lortu gabeko kopurua. “Gipuzkoak modu masiboan egin du garraio publikoaren aldeko apustua, eta apustu hori mantentzeko, nire departamentuaren babes ekonomiko ukaezinaz gain, Gipuzkoan dugun prestakuntza eskaintza gure lurraldearen beharrekin oso ondo uztartu behar dugu. Lankidetzaren bidez ekosistema bat sustatu nahi dugu, gaur egungo erronkei erantzuteaz gain, etorkizuneko Gipuzkoarako nahi dugun mugikortasun jasangarriaren eredua arrakastaz bultzatzeko. Lankidetza horrek, gainera, lurraldearen garapena sustatuko du, tokiko talentua bertan mantentzen lagunduko du, aukera profesionalak sortuz eta gure ekonomia indartuz”, adierazi du.
Urola Garaiko Lanbide Eskolak 7.500 metro koadroko instalazioak ditu, 38 gela baino gehiagotan eta 14 tailerretan banatuta. Bere prestakuntza eskaintza hiru zutabetan oinarritzen da: prestakuntza arautua, enplegurako prestakuntza eta enpresentzako prestakuntza. Gaur egun, zentroan Karrozeriako erdi mailako ziklo bat ematen da, 2.000 ordukoa, etorkizuneko txapista konpontzaileak, karrozerien konpontzaileak, beira instalazioetako teknikariak, osagarrien muntatzaileak eta automobilen karrozeria pintoreak prestatzeko. Bestalde, Automozioaren goi mailako zikloa ere eskaintzen da, 2.000 ordukoa. Ikasketa horiek hainbat lan irteera dituzte, hala nola elektromekanikako arduraduna, moto ibilgailuen tailerburua, IATko arduraduna, ibilgailuen peritu tasatzailea, ordezko piezen arduraduna edo karrozeriako arduraduna, besteak beste.
Horrez gain, zentroak Lanbidek diruz lagundutako bi ikastaro eskaintzen ditu lanean ari diren pertsonentzat, ibilgailuen mantentzearekin lotuta: bat mekanika azkarrari eta automobilen konponketari buruzkoa (40 ordukoa) eta bestea ibilgailu hibrido eta elektrikoei buruzkoa (30 ordukoa).
UGLEtik, fundazioko zuzendari Xabier Arratibelek diputatuari bere “gertutasuna” eskertu dio. “Guretzat funtsezkoa da erakundeek Lanbide Heziketak mugikortasun jasangarriago eta teknologikoago baten alde egiten duen lana babestea. Eskerrik asko bisitagatik eta gure ikasleen talentuan sinesteagatik”, adierazi du.
Azkenik, Zumarragako alkate Mikel Serranok uste du “eskertu beharrekoa dela Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak langileen eta ikasleen benetako mugikortasun beharrak asetzeko egiten ari den guztia, garraio jasangarri eta irisgarria guztiok erabil dezagun posible eginez. Horren adibide da berriki sortutako GO07 linearen arrakasta. Bestalde, eskertu nahi dugu diputatuak erakutsitako interesa eta kezka, bai ibilgailuen mantentzeari lotutako prestakuntza zentroekin, bai sektore honetan prestatu nahi duten ikasleekin. Izan ere, bisita hauekin animoak ematen dizkiete prestakuntza horrekin jarraitzeko”.
