Heroinak eta HIESak Zumarragan eta Urretxun eragindako kalteari buruzko lana bihar estreinatuko da, Zelai Arizti aretoan
Anne Zufiaurrek eta Alex Areizagak Hutsune handi bat dokumentala aurkeztuko dute bihar (osteguna) Zelai Arizti aretoan. Lan horrek heroinak eta HIESak Zumarragan eta Urretxun eragindako 115 heriotzak eta suntsitutako milaka bizitzak gogorarazten ditu. Ideia Zufiaurrena izan zen eta berak jarri du ahotsa. Zuzendari lanak, berriz, Areizagak egin ditu. Egitasmoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuaren eta Zumarragako Udalaren laguntza jaso du.
Biharko lehen emanaldia 18:00etan izango da eta bigarrena 22:00etan. Lehen emanaldia mahai-inguru batekin hasiko da. Bertan izango dira, Zufiaur, Areizaga, Alvarez, Arantxa Gonzalez udal ordezkaria eta Amaia Izaola EHUko Soziologiako doktorea. Topaketak aukera emango du lana testuinguruan kokatzeko eta fenomenoaren dimentsio sozialari buruz hausnarketa egiteko. Mahai-ingurua bukatzen denean, Zumarragako Udalak omenaldi publikoa egingo die Jose Ignacio Munillari, Faustino Villanueva PPko zinegotzi ohi eta Zumarragako Gizakia Helburu proiektuaren sustatzaileari eta Eva Romero udaleko gizarte langileari, duela hiru hamarkada kaltetuei eta haien familiei laguntzeko egindako lana aitortzeko. Ondoren, dokumentala emango da eta amaitzen denean bertaratuek elkarrekin hitz egiteko tarte bat izango dute mokadutxo bat hartzen duten bitartean.
Biharko bi emanaldietako sarrerak agortu egin dira. Hori dela eta, udalak beste bi emanaldi antolatu ditu hilaren 18rako. Lehenengoa 20:00etan izango da, eta bigarrena (lehen saiorako sarrerak agortzen badira) 22:00etan. Sarrerak ondorengo egun eta ordutegietan jarriko dira salgai Zelai Arizti aretoko leihatilan: larunbatean 17:30etik 19:00etara, igandean 17:30etik 19:00etara eta astelehenean 20:00etatik 21:00etara. Egun horietan programatutako zinemako saiora doazen pertsonek izango dute erosteko lehentasuna. 22:00etako saiorako sarreren salmenta 20:00etako saiorako sarrerak agortu ondoren bakarrik hasiko da.
