Europar Batasunaren eta Israelen arteko Elkartze Akordioa eteteko sinadura bilketarekin bat egin du EH Bilduk
Milioi bat sinadura behar dira herritar ekimena aurkezteko
Urretxuko eta Zumarragako EH Bilduk, ezkertiar alderdi soberanistek Europako beste hainbat eragile politikorekin batera aurkeztutako herritar ekimena eman dute aditzera. Herritar ekimen honek, milioi bat sinadura eskuratuta, Europar Batasunak Israelekin duen Elkartze Akordioa osorik etetea eskatzen du, giza eskubideak eta nazioarteko zuzenbidea sistematikoki urratzen ari direlako. “Akordioak, azken batean, gerra krimenak eta genozidioa egiten dituen Estatu bat legitimatzen du, eta honen aurrean ezin dugu isilik jarraitu. Hamaika arrazoi ditugu gehiago ez itxaroteko: zibilen hilketa eta herri baten aurkako sarraski jarraitua, milaka pertsonen desplazamendu behartua, ospitaleen eta osasun zerbitzuen suntsiketa sistematikoa Gazan, laguntza humanitarioaren blokeoa, nazioarteko zuzenbidearen urraketa larriak…”, gaineratu dute.
Euskal Herria Palestinarekin. Justizia Palestinarentzat, merkataritza kriminala gelditu! lelopean, EH Bilduk herritar ekimen hau sinatzera gonbidatzen ditu herritarrak. “Etsipenean erortzea nahi dutenen aurrean, herritarren aktibazioa beharrezkoa da, munduko herrien itxaropen mezua helarazteko eta giza eskubideekin koherentea den Europa bat aldarrikatzeko”, amaitu dute.
Oraingoz ia 530.000 sinadura bildu dira. Ekimenaren inguruko informazioa behar duenarentzat, ostiral honetan arratsaldeko 17:00etatik 19:00etara eskuorriak banatuko dituzte Bilgunean.
Sinatzeko, sakatu hemen.
