Anne Zufiaurrek eta Alex Areizagak Hutsune handi bat dokumentala aurkeztu dute Zelai Arizti aretoan. Lan horrek heroinak eta HIESak Zumarragan eta Urretxun eragindako 115 heriotzak eta suntsitutako milaka bizitzak gogorarazten ditu. Ideia Zufiaurrena izan zen eta berak jarri du ahotsa. Zuzendari lanak, berriz, Areizagak egin ditu. Egitasmoak Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuaren eta Zumarragako Udalaren laguntza jaso du.
Gaurko ekitaldiaren bidez, zumarragarrek eta urretxuarrek heroinak eta HIESak eragindako mina pairatu zutenak gogoratu eta omendu ditu. Dokumentalak ikusmin handia piztu du, familia guztiek bizi izan baitzuten arazoa. Batzuk barru-barrutik eta beste batzuk gertutik. Hala, sarrera guztiak saldu dira eta Zelai Arizti aretoan ilara luzea egin da.
Emanaldia Amaia Aranburu kazetariak gidatutako mahai-inguru batekin hasi da. Bertan izan dira, Zufiaur, Areizaga, Goizane Alvarez diputatua, Arantxa Gonzalez zinegotzia eta Amaia Izaola EHUko Soziologiako doktorea. Ondoren, Zumarragako Udalak omenaldi publikoa egingo die Jose Ignacio Munillari, Faustino Villanueva PPko zinegotzi ohi eta Zumarragako Gizakia Helburu proiektuaren sustatzaileari, Eva Romero udaleko gizarte langileari eta Jose Antonio Iribarren mediku zumarragarrari, duela hiru hamarkada kaltetuei eta haien familiei laguntzeko egindako lana aitortzeko. Munillaren parrokoa zen eta gazteei eta beraien familiei lagundu zien. Ez du gaurko ekitaldira etortzerik izan. Oroigarria bere arreba Ana Rosak eta bere iloba Maria Plazaolak jaso dute. Villanueva 2014an hil zen eta berari dagokion oroigarria bere seme Jose Antoniok hartu du. Romero osasun mental zentroko langilea zen garai hartan eta Bustillo doktorea gogoratu du. “HIESa zutenak errespetuz artatu zituen”, esan du. Iribarren gaixotasun infekziosoko zerbitzuko burua da Donostia ospitalean. “Garai zail haietan lan egin nuenetako bat naiz. Gaixoen amei eskaini nahi diet oroigarri hau. Beraien mina eta adorea da garai hartatik gehien gogoratzen dudana”.
Sarreren salmentatik lortutako dirua prebentzioaren alde lan egiten duen Ai Laket elkarteari eta Gipuzkoako HIESaren aurkako elkarteari eman diote. Dokumentala eman aurreko ekitaldiekin bukatzeko, Mikel Serrano alkateak oroigarria eman dio Zufiaurri.

