Mariaje Asurmendik Hiru bazter desberdin, zirrara bakarra pintura eta collage erakusketa irekiko du gaur, 19:00etan, Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Asurmendiren lanak apirilaren 7ra arte egongo dira ikusgai. Zelai Ariztiko erakusketa aretoa 09:30etik 13:30era eta 15:00etatik 21:00etara irekitzen dute astelehenetik ostiralera eta 10:00etatik 13:30era larunbatetan.
Ez da Asurmendik bere herrian egiten duen lehen erakusketa. «Zelai Arizti kultur etxean beste erakusketa bat egin nuen eta Itarte Etxean ere bai. Urretxuko Juan de Lizarazu erakusketa aretoan, berriz, bi erakusketa egin ditut. Margolanak egiten dituzunean, erakutsi egin nahi dituzu. Herri ezberdinetan eskaerak aurkezten dituzu, baina norberaren lanak herrian erakustea berezia da beti, noski», onartu du.
Oraingoan hiru toki desberdinetan ateratako argazkietan oinarritutako margolanak erakutsiko ditu. «Lan hauek inongo estrategiarik gabe egin nituen. Akuarela eta collagea erabili nituen. Esperimentua izan zen niretzat. Seme-alabekin Marokora egindako bidaia batean bisitatutako tokiak, Euskal Herrian zehar egindako txangoetan ikusitako tokiak eta Kantabriako kostaldea ikus daitezke. Kantabriara ere sarritan joaten naiz eta han ere paseo asko egiten ditut», azaldu du margolari zumarragarrak.
Koadro batean Zumarragako eliza eta Mendiaren etxea ageri dira, Correosetik ikusita. «Ordiziara ez nuen eraman. Etxekoei galdetu nien eta Zumarragako erakusketan jartzeko esan zidaten», aipatu du.
Gaurtik aurrera Zumarragan ikusgai egongo diren margolanak Ordiziako Barrena kultur etxean erakutsi zituen lehenago. Zarautzen ere eskaera aurkeztu du eta datorren urtean kostaldeko herri hartara eramango ditu.
