Zumarragako Udalak, Nekazaritza Batzordearen bitartez, lur jabeei landareak banatzen dizkie bertako zuhaitz espezieen landaketa sustatzeko. Aurten 23. edizioa egin dute. 2.500 euroko aurrekontua bideratu da eta hamar baserritarrek eta landa lur jabeek egin dute eskaria. Guztira 112 zuhaitz banatu dira: 19 haritz, 40 pago, 30 intxaurrondo eta 23 gaztainondo. Landareen hornitzailea Gabiriako Ikerlora izan da.
Orain arte 12.895 zuhaitz autoktono landatu dira programa horren bidez. Guztira 310 eskaera izan dira martxan jarri zenetik, eta horrek erakusten du ekimenak urte hauetan guztietan izan duen jarraikortasuna eta konpromisoa.
Ekintza horren bidez, udalak pinua ez diren espezieen landaketa bultzatu nahi du, biodibertsitatea indartuz eta paisaia aberastuz. «Hazkunde azkarreko espezieek errentagarritasun ekonomiko handiagoa eskaintzen diete baserritarrei. Hala ere, udalaren apustua, pausoz pauso, gure mendietan aniztasuna handitzea eta etorkizun jasangarriago baten alde egitea da. Banatutako zuhaitzek ez dute berehala mendien itxura erabat aldatuko, baina pauso txiki bakoitza garrantzitsua da. Helburua ez da soilik landaketa bera, baizik eta kontzientziazioa sustatzea eta belaunaldi berrientzat ingurune orekatuago eta iraunkorragoa bermatzea».
