Zumarragako Udalak Zuhaitz Eguna ospatu du gaur. 2025ean jaiotako haurren gurasoek zuhaitzak landatu dituzte Ipar Haizean. Haritzak, urkiak eta astigarrak landatu dituzte. Eguraldia etxean egoteko egokiagoa den arren, guraso eta aiton-amona asko hurbildu dira, haur eta guzti.
Ekimen honen bidez, udalerriko berdeguneak handitu eta herritarren artean ingurumenarekiko sentsibilizazioa sustatu nahi da. Landaketa amaitutakoan, familia bakoitzak bere zuhaitzaren hazkundea zaintzeko eta laguntzeko konpromisoa hartu du. Zuhaitzek hasten den bizitza, sustraitzea eta etorkizuna irudikatzen dute. Seme-alabak bezala, zuhaitz horiek hazi egingo dira urteen poderioz, familien eta naturaren arteko lotura sendotuz.

