Zumarragako EH Bilduk gaurko deitutako greba orokorrarekin bat egin du eta, ondorioz, ez du gaurko deituta zegoen osoko bilkuran parte hartu. Horra hor EH Bilduko komunikabideetara bidalitako oharra.
“Zumarragako EH Bilduk gehiengo sindikalak deitutako Martxoaren 17ko greba orokorrarekin bat egin du. Ondorioz, deituta zegoen udal batzarrera ez bertaratzea erabaki dugu. Gutxieneko soldata propioa eskatzea, Hego Euskal Herriko langile zaurgarrienen defentsan aritzea da. Hemen dugun errealitate sozioekonomikora egokituko den soldata propioa eta Europako beste herrialdetako bataz bestekora hurbilduko dena. Aberastasunaren birbanatzea eta bizitza duinak ditu erdigunean greba honek. EAJ eta PSEk Gasteizko parlamentuan gai honen inguruko eztabaida zapuztu ondoren eta Nafarroako parlamentuan beste hainbeste gertatu ostean, greba egitea beste irtenbiderik ez digute utzi. Zumarragari dagokionez, azken plenoaren biharamunean, otsailaren 25ean, bozeramaile batzordeko taldean eskatu genuen martxoko batzorde eta plenoa antolatzeko garaian greba izango zela kontuan hartzea. Agerikoa da gure eskaera ez dela kontuan hartu eta plenoa martxoaren 17an egitea erabaki dela. Zumarragako barne araudiaren arabera, ohiko plenoak hileko hirugarren asteartean izango dira. Kasu honetan greba egunarekin bat egiten du. Baina kontuan hartu behar dugu, 2024ko udaratik ohiko pleno bakarra izan dugula: 2025eko maiatzekoa. Alkatearen agendaren baitan gainontzeko denok moldatu behar izan dugu orain arte. Garrantzi gutxiko gaia dirudien arren, zinegotziok gure agendak antolatzeko zailtasun nabarmenak izaten ditugu ondorioz. Aurreko legegintzaldian, gai honen inguruan esan genuen moduan, udal honetan ez ohikoa ohikoa da eta ohikoa ez ohiko bihurtzen da. Amaitzeko, Zumarragako herria zoriondu nahi dugu grebak izan duen jarraipen zabalarengatik. Solidaritatea, elkar zaintza eta zaurgarrien defentsa zumarragarron balioak izaten jarraitzen baitute”.
