Urretxuko Udalak ur hornidura eta saneamendu zerbitzuaren kontratua aldatuko du, “eraginkortasuna, jasangarritasuna eta sistemaren segurtasuna bermatzeko”. Gobernu taldeak azaldu duenez, herritarrek ez dute gehiago ordaindu beharko, ordea.
Gastu handienetako bat uraren erosketa dela diote (Barrendiolako kontsortzioari erosten zaio). Urretxuk bere baliabide hidrikoak erabiltzeko asmoa du, menpekotasun hori txikitzeko. Hala, uraren prezioaren igoerari aurre egin ahal izango dio. “Estrategia horrek inguruko herriek baino egoera hobeago batean jarriko gaitu, kudeaketa autosufizienteagoari esker, urretxuarrek menpekotasun handiagoa duten herrietako bizilagunek baino gutxiago ordaindu beharko baitute”.
Horretarako, Urretxuko Udalak Irigoneko ur biltegia erabiliko du. Horri esker, nonbaiten matxura bat gertatzen bada, ez dute hornidura herri osoan moztu beharrik izango. Gainera, Sasiolako eta Juan Iturriko ura hartuko dute. Herriko ura da, giza kontsumorako egokia eta egun galtzen uzten dena. Horri esker, autosufizientzia handiagoa izango da eta ur gutxiago erosi beharko da.
