Izen-ematea ostegun arratsaldean izango da
Joan zen astean Zumarragak Grand Prix telebista saioan parte hartuko duela jakin zen. Saioaren grabazioa 2026ko maiatzean izango da, oraindik zehaztu gabeko data batean, RTVEren Madrilgo estudioetan. Udalak autobusa jarriko du Madrilera joateko, bai lehiakideentzat, bai herriko ikusleentzat.
Lehiakide bakoitzak bi lagun gonbidatu ahal izango ditu. Gainerako tokiak, gehienez 100 lagun osatu arte, zozketa bidez esleituko dira, eskaera kopurua toki kopurua baino handiagoa bada.
Zozketan parte hartzeko izen-ematea ostegun honetan egingo da: 17:30ean udaletxean. Pertsona bakoitzak bi izen eman ahal izango ditu: berea eta bere senitarteko edo lagun batena. Zozketaren data eta ordua aurrerago jakinaraziko dira. 18 urtetik gorakoek bakarrik eman dezakete izena.
Egun eta ordu berean, ostegun honetan 17:30ean, TVEk Zumarragari dagokion aurkezpen bideoa grabatuko du. Udalak herritar guztiak eszena nagusian parte hartzera gonbidatu ditu. Plazan grabatuko da, eguraldiak laguntzen badu. Bestela, beste toki batean. Ehun lagunetik gora biltzea da helburua.
Saioan lehiatuko den taldea itxita dago dagoeneko, baina jendeak ordezko bezala eman dezake izena. Horretarako, udaletxera deitu behar dute. Lehiaketan ere 18 urtetik gorakoek bakarrik parte har dezakete.
