Gazteen ongizatea, nahi ez den bakardadea, inklusioa, elikadura jasangarria eta belaunaldi arteko loturak mintzagai, Legazpiko Ongizatearen Plazan
Gipuzkoako Foru Aldundiak, hainbat eragilerekin eta Udalarekin elkarlanean, egitarau zabala antolatu du gune ireki honetan, hilaren 26 eta 27an, ongi egon eta ongi sentitzeko funtsezko gaiei buruz hitz egitea eta elkarri entzutea helburu.
'Ongizatearen plaza' ekimenaren aurkezpena, Zarautzen. ARGAZKIA: Gipuzkoako Foru Aldundia Gazteen ongizatea, nahi ez den bakardadea, ariketa fisikoa, buruko osasuna, teknoadikzioak, elikadura jasangarria, herritar berrien inklusioa eta belaunaldi arteko harremanak Legazpira eramango ditu hilaren 26 eta 27an Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Ongizatearen Plazak. Horrela, goiz eta arratsalde, Plazaola parkean, ongizate integralaren inguruko hainbat solasaldi, mahai-inguru eta jarduera parte hartzaile hartuko ditu espazio berritzaile honek, pertsona orok ongi egoteko eta ongi sentitzeko funtsezkoak diren gaiak ardatza hartuta.
“Ongizate integralaren inguruan hitz egiteko eta elkarri entzuteko gune irekia da”, azaldu du Eider Mendozak, Gipuzkoako diputatu nagusiak, zeinek animatu nahi izan dituen legazpiarrak hil honetako azken ostegun eta ostiralean Ongizatearen Plazara gerturatu eta bertan antolatutako ekintzetan parte hartzera. Izan ere, gogoratu duenez, herritarroi eragiten diguten “errealitate eta arazo sozial berriak areagotzen” ari dira gure artean, gazteen ongizatea, nahi ez den bakardadea, adikzio berriak, gipuzkoar berrien integraziorako bideak eta abar.
“Ongi egoteaz aparte, gipuzkoarrak ongi sentitzea nahi dugu. Gipuzkoar guztien ongizate integrala bultzatu nahi dugu, hori da Aldundiaren lehentasun nagusia. Ongizatearen Plazaren bitartez, gai horien guztien inguruko dialogoa eta partaidetza sustatu nahi dugu”, nabarmendu du Mendozak. Hilaren 26 eta 27an egongo da Ongizatearen Plaza Legazpiko Plazaola parkean. Plaza irekia da, herriko hainbat elkarte eta eragileren laguntzarekin antolatu dena. Adin guztietarako pentsatutako jarduerak izango dira, askotariko proposamenekin, hala nola adituekin egindako topaketak, dinamika komunitarioak eta giro hurbil eta abegikorrean egindako kultur jarduerak.
Irekitzeko, Adinberrirekin saioa
Hilaren 26an, Ongizatearen Plaza 10:00etan abiatuko da, Adinberri telebista saioaren gidari Iñigo Vicens prestatzaile fisikoaren eskutik, adinekoei zuzendutako ariketa fisikoa eta elikaduraren inguruko tartearekin. Tarte berean, Naia Rosek estimulazio kognitiboko saioa eskainiko du eta Raquel Rodriguez mindfulnessean adituak ere hartuko du parte. Goiz berean, 11:30etik aurrera, hiperkonexioaren garaiotan gazteen ongizatea izango dute mintzagai, gazteak eurak protagonista izango dituen solasaldian.
Ostegun arratsaldean, berriz, 16:00etatik 17:00etara buru osasunaren inguruko podcasta grabatuko du zuzenean Why Not Fundazioak. Desgaitasun intelektuala eta buruko gaitzak dituzten herritarrekin hitz egingo dute, besteak beste. Ondoren, 17:30etik 18:30ra, mugikorren eta teknologia digitalen erabilera arduratsua eta osasungarria bultzatzeko saio dinamikoa antolatuko du Altxa Burua elkarteak. Bereziki gurasoei bideratutako saioa izango da. 18:30etik aurrera, berriz, Leo Bueriberi bakarrizketagile, DJ eta komunikatzailearen partaidetzarekin, gure artean ditugun herritar berrien integrazioaz solas egingo dute, begiradak partekatzea bilatzen duen topaketa honetan.
Ostiralean, berriz, Jakoba Errekondo agroekologian adituak ekingo dio eguneko egitarauari goizeko 10:00etan eta, inguruko bi abeltzainen testigantzarekin bat –Legazpiko Agirrezabal baserriko Joseba Andueza eta Urretxuko Agerre baserriko Iñaki Sasieta–, elikadura jasangarriaren garrantziaz arituko da. 11:30etik 13:00etara, berriz, nahi ez den bakardadearen inguruko dinamika bat egingo dute; Ados teatroak bakardadearen inguruan ekoiztutako hiru mikrodokumentalen eskutik, beste horrenbeste herritarren kasu erreal bezain gordinak gertutik ezagutuko ditugu.
Arratsaldean, belaunaldi arteko solasaldia antolatuko dute 18:00etatik 19:00etara, adinetik harago lotzen gaituzten balioak eta esperientziak bilatuz, eta ondoren, 19:00etan LaBbatu batukadaren saio berezia egingo dugu eta pintxo potearekin amaituko dugu jarduna.
Egitarau eta ordutegi osoa hemen:
https://plaza.gipuzkoa.eus/eu/legazpi
