'Hutsune handi bat' dokumentaleko sarrerak agortu egin dira beste behin eta zazpigarren emanaldia antolatu dute
Heroinak eta HIESak Zumarragan eta Urretxun eragindako 115 heriotzak eta suntsitutako milaka bizitzak gogoratzen dituen Hutsune handi bat dokumentalak sekulako arrakasta izan du. Dagoeneko sei emanaldi antolatu dituzte (bosgarrena eta seigarrena gaur egingo dituzte) eta sarrera guztiak agortu dira. 1.980 sarrera saldu dira. Hori dela eta, Zumarragako Udalak beste bi emanaldi antolatu ditu. Datorren asteartean izango dira, martxoaren 31n. Lehenengoa 20:00etan izango da. Sarrera guztiak saltzen badira, bigarren emanaldi bat egingo da 22:00etan.
Sarrerak larunbatean (martxoak 28), igandean (martxoak 29) eta astelehenean (martxoak 30) salduko dira, 3 euroan, Zelai Arizti aretoko leihatilan. Larunbatean eta igandean 17:30etik 19:00etara salduko dira eta astelehenean 20:00etatik 21:00etara.
Bestalde, udalak, ikastetxeekin elkarlanean, dokumentala udalaren prebentzio programan txertatzeko asmoa du.
