Goierriko hedabideak proiektu multimedia sortzeko lanean ari dira. Asteartean Korrikari buruzko solasaldia egin dute Olaberrian. Solasaldia telebistan, irratian eta atarietan emango dute.
AEK-ko ikasleak, mahai inguruko partaideak eta hiru hedabideetako (Goierri Irrati Telebista, Segura Irratia eta Goierriko HITZA) ordezkariak, mahai ingurua amaitu berritan, astearte eguerdian. GOIERRIKO HITZA, Goierri Irrati Telebista (GITB) eta Segura Irratia eskualdeko proiektu komunikatibo multimedia bat sortzeko lanean ari dira. Elkarlanaren lehen fruitua Korrikaren inguruko solasaldia izan da. Nekane Munduate Goierri beheko Korrikako arduradun eta AEK-ko irakasleak, Chabeli Sierra AEK-ko ikasleak, Korrikan kilometro asko egiten dituen Asier Auzmendik eta Xabier Albizu Errigorako kideak parte hartu dute. Goiztiri AEK euskaltegiko ikasleak ere bertan izan dira, ikusle gisa. Horretaz gain, Argentinan euskaraz bizi den Rocio Basterrari egindako elkarrizketa bat eman dute. Saio horrek Ampo, CAF, Goieki, HINE eta Orkliren babesa jaso du, Korrika eta Goierriko euskarazko hedabideekin bat eginez.
Goierri eskuz esku solasaldia Olaberriko erabilera anitzeko gelan egin zen, astearte goizean. Aretoak erabilera anitz izan du 2024ko irailean Izaroren kontzertu batekin inauguratu zenetik eta asteartean erabilera berri bat gehitu zitzaion: telebista platoa. Olaberriko areto bikaina eta bertako baliabideak lagun, solasaldiaren antolaketan lan egin duen taldeak plato elegantea muntatu zuen. Solaskideak txundituta gelditu ziren aretora sartu zirenean. “Ekitaldi txikiagoa espero nuen…”, esan zuen Auzmendi urretxuarrak.
Dekoratua, argiztapena, kamerak, giza baliabideak… komunikabide handiek erabiltzen dituztenen parekoak izan ziren. Aurkezleen lan onari esker, gonbidatuak eroso sentitu ziren. GITB-ko Ainhoa Ibañez eta Segura Irratiko Olatz Etxeberria arduratu ziren solasaldia gidatzeaz.
Auzolana
Solasaldian Korrikaz, euskaraz, transmisioaz, gazteez… hitz egin zuten. Auzolana izan zen hitz erabiliena. Munduate ataundarrak Korrika antolatzea “lana eta ardura” dela eta talde lana eta inurri lana ezinbestekoak direla esan zuen.
Euskara ikastea ere talde lana da: irakasleen eta bizilagunen laguntza behar da. “Leioan jaio nintzen eta Zaldibian bizi naiz. Eskolan euskaraz ikasi nuen, baina kalean ez nuen erabiltzen. 20 urterekin Donostiara joan nintzen bizitzera eta Gipuzkoan gelditu nintzen. Zaldibia euskaraz bizi da eta nik ere euskaraz bizi nahi dut. Hiru seme-alaba ditut eta beraiek dira nire motibazioa”, azaldu zuen Sierrak.
Euskara ahoz aho eta Korrikako lekukoa eskuz esku. Auzmendik makina bat kilometro egiten du urtero. “Urtero non sartu pentsatzen dut eta gero irtetea kosta egiten da, bertan bizi diren emozioengatik. Ez dakizu non bukatuko duzun. Une berezienak jende gutxi dagoen tokietan bizi dira”, esan zuen.
Errigora ekimena ere talde lanaren fruitua da. Saskiak eskuz esku ibiltzen dira, Euskal Herriko herri batzuetatik besteetara, Korrikako lekukoa bezala. “Errigora auzolan totala da. Jendeak ez zela posible izango zion, baina lortu zen”, aipatu zuen Albizu segurarrak.
Hori ere, Korrika bezala. A zer nolako beldurra pasako zuten 1980an lehen edizioa antolatu zuten AEK-ko kideek… Oñatitik Bilbora, ia 2.000 kilometro… Lortu zuten, ordea. Eta ondoren beste 23 edizio antolatu dituzte.
Amets bat zuten eta, auzolanean, betetzea lortu zuten. Auzmendik ere bere ametsa bete du aurten: Urolako Trenaren mendeurrenean, Urolako Trena maratoia antolatu du. Hori ere auzolanean: 120 boluntarioren laguntza izan du.
Emanaldiak
Euskararen egoera hobetzeko ere elkarlana eta salto kualitatiboa beharko direla esan zuten. Horixe da, hain zuzen ere, Goierriko hedabideak egiten ari direna. Gaur, solasaldia modu bateratuan ikusi, entzun eta irakurtzeko aukera duzue: Goierri Telebistan (10:00etan eta 22:00etan), gitb.eus atarian, Segura Irratian (10:00etan), segurairratia.eus webgunean, GOIERRIKO HITZAren paperezko edizioan eta Goierriko Hitza eta Otamotz atari digitaletan.
NEKANE MUNDUATE. AEK-ko irakaslea eta Korrika arduraduna Goierri behean
“Inurri lanari esker ateratzen da dena aurrera, hori guztia gabe ez litzateke posible izango”
Goierri beheko Korrika arduraduna da Nekane Munduate AEK-ko irakasle ataundarra. 17. Korrika koordinatu zuen Munduatek, eta aurtengoan ere “indarra” bazuela-eta, ardura horri heldu dio berriz, 24. edizioan. Lan karga baduen arren, “talde lana” dela nabarmendu du: “Batzorde asko ditugu, inurri lan horri esker ateratzen da dena aurrera, hori guztia gabe ez litzateke posible izango”. Goierrira badator jada, larunbatean, eta “geroz eta urduriago” nabari du bere burua: “Denok bezala, besteen emozioak ere xurgatzen, eta pozarekin”.
Baina Korrika ez da hilabete batzuetako lana, “antolakuntzak ia etenik ez” baitauka. “Bukatu orduko balorazioa egin, gero hausnarketa, eta poliki-poliki hurrengo ediziorako ibilbidea trazatzen hastea, leloa zein izan daitekeen pentsatzea… Zirriborro hori iruditegi bihurtzen eta… bi urteko lana da”.
Euskara “lehen planora ekarri” nahi izan du AEK-k Euskara gara 24. edizioko leloarekin: “Azken edizioetan euskara hitza ez genuen ekartzen, baina bada momentua euskarak bere unea izateko. Gara horrek kolektiboa esan nahi du, komunitatea. Eta komunitate horretan denok dugu lekua, euskararen babesa eta beharra, eta hori guztia dago lelo horretan”.
Auzolanak gaur egun oraindik “indarra baduela” azpimarratu du Munduatek, “beharrak” egiten baitu auzolana haren esanetan, “eta euskararen inguruan are gehiago”: “Hizkuntza minorizatua, hiztunak ere minorizatuak dira eta batzea besterik ez daukagu aurrera egin nahi badugu. Euskal Herria daukagu, helburua da Euskal Herrian euskaraz eroso bizitzea eta elkarlan horren beharra dugu tira egiteko eta Euskal Herria euskalduntzeko”.
Euskal Herriko beste geografia batzuk begiratuz gero, euskal hiztunek arnasgunea izan dezakete Goierrin. Ados agertu da horrekin, baina “ezagutzatik erabilerara saltoa” dagoela gogora ekarri du mahai inguruan hausnarketa horren aurrean: “Ez dut uste berdean jarraitu behar dugunik, koloreak hemen asko aldatu dira. Uste dut ezin dugula esan Goierrin gaude eta eginda dago, hori ez delako errealitatea, eta euskarak beharrak baditu hemen ere”.
Korrika jendaurrean amaitzen denean, transmisioarekin jarraitzeko beharraz mintzatu da, “pizkundearen parte horrekin norbanakotik” ere jarraitzeko aldarrikatuta: “Ahala daukagu eta guk egin behar dugu, eta eransten diren horiek, euskara ikasten ari direnek eta horiek guztiek. Zoragarria da euskalduntze prozesua ikustea, oso polita da hori”. Pizkunde bat eragiteko, jabetzea eta antolakuntza jarri ditu mahai gainean: “Norbanako ahalduntze hori batetik, eta antolakuntza bestetik, aisialdia dela, eragileak direla… hori guztia da, motor horiek martxan jarri behar dira”.
AEK-k Euskal Herri osoan euskaraz eroso bizitzeko helburua lortzeko lan egiten du, baina euskara ez da ofiziala Euskal Herri osoan. Ausardi politikoaren beharrean egin du azpimarra: “Larrialdi linguistikoan gaude eta zonifikazioa mahaira ekarri behar da. Ezagutza bermatu egin behar da, unibertsala izatera pasa behar da, gero erabilera etorriko da, baina ezagutzarekin bideak irekiko dira”.
ASIER AUZMENDI. Korrikazalea
“Euskaraz egin ezazu esaten da askotan, eta bidea gehiago da norberak egin eta besteak etorri daitezela. Korrika hori da”
Kilometro mordo bat egiten ditu Asier Auzmendi urretxuarrak Korrikan. Aurten ere, hala egingo du. Ez daki zenbat, “sartu bai baina ateratzea kosta” egiten baitzaio sarritan. “Badauka emozio puntu hori; sartzen zara eta gorputzak irauten dizun bitartean jarraitzen duzu”. Herriguneetatik baino, nahiago du “bereziak diren bide horietatik” joatea: “Herri txikien arteko portu horietatik joatea ederra da”. Badauka ahaztuko ez duen oroitzapen bat: “Duela 4 urte elurretan gindoazen Udanako portuan gora, eta momentu zoragarria izan zen; goizaldeko 02:00 aldera, zuritzen hasi zen eta momentu hori da ahazten ez den horietakoa”.
Urolako Trena maratoiaren sortzaileetako bat da Auzmendi. Ondo daki herrigintzaren alde lan egiten dutenen ekarpenari esker gauzatzen direla askotan horrelakoak, eta balioa eman nahi izan die mahai inguruan: “Boluntariorik gabe ez dago ekimenik”.
Transmisioaren eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua argi dauka. Euskaraz egin, ondokoak ere egin dezan: “Euskaraz egin ezazu esaten da askotan, eta bidea gehiago da norberak egin eta besteak etorri daitezela. Korrika hori da; badago furgoneta bat musikarekin… eta jendea gerturatzen da. Aitzakia batekin eta toki horretan bada ere, euskaraz aritzen da jendea”.
Gurasoa da, baita Zerki kirol eta aisialdi enpresako kidea ere. Korrikaren ondoren eragiten jarraitzeko, kalean euskaraz bizitzen eta ekintzak euskaraz antolatzen segituko duela azaldu du: “Hori egiten duzun momentuan, aukera ematen diezu umeei egiteko. Pantailan sartuta bizi den gizarte bat gara, euskararen presentzia minimoa da pantailen munduan, eta kaleko ekintzak euskaraz antolatzeak asko laguntzen du”.
CHABELI SIERRA. AEK-ko ikaslea
“Euskararekiko lotura gero eta handiagoa izan da. Bizi izan naizen lekuetan euskaraz bizi dira, nik ere euskaraz bizi nahi dut edo saiatzen naiz bizitzen”
Leioan jaioa, eskola publikoan D ereduan ikasi zuen Chabeli Sierrak. Eskolan euskaraz egiten zuen, baina hortik kanpora ez zuen erabiltzen. 20 urterekin Donostiara joan zen ikastera, eta “bizitzako kontuak direla-eta”, han gelditu zen; aurrena Donostian, gero Zizurkilen, ondoren Tolosan, eta gaur egun Zaldibian bizi da. Aurten hasi da euskaltegian. “Euskararekiko lotura gero eta handiagoa izan da. Bizi izan naizen lekuetan euskaraz bizi dira, nik ere euskaraz bizi nahi dut edo saiatzen naiz bizitzen”. Hiru seme-alaba ditu eta haien lehen hizkuntza euskara da: “Ni saiatzen naiz egiten eta euskaraz bizitzen. Hori da nire nahia edo motibazioa”.
Izena eman zuen AEK-n, “pentsatu gabe baina gogorik gabe”, ikasketa prozesua luzea delako. Dena dela, “sorpresa” izan da horren gustura egotea azkenean. “Ez nuen batere gogorik, baina zerbait piztu zen eta nahi nuen. Sorpresa izan da ze oso gustura nago, ikaskideekin, irakaslearekin… hautu pertsonala izan zen, hasieran gogorik gabe, baina ondo atera zait”.
Eskolaz kanpoko ekintzetan ere parte hartzen du, eta bere esanetan, “oso aberatsak” dira esperientzia horiek: “Bi kultur ekintza egin ditugu euskaltegitik, Zeraingo meategira eta Seguran San Blas opilak egiten ikastera. Maila ezberdinetako ikasleak nahasten gara, beste irakasleak ezagutzen ditugu eta komunitatea egiten da azkenean”.
Korrika Txikian parte hartutakoa da, baina lehenengo aldiz parte hartuko du Korrikan. Larunbatean, Ordizian egingo du bat euskararen aldeko martxarekin: “Familia guztia joango gara”.
XABIER ALBIZU. Errigorako kidea
“Orain arte egiten ari garena eusteko balio du, baina eraikitzeko ez du balio. Salto kualitatibo handia eman behar dugu, Iparraldean eta Hegoaldean”
Errigora da 24. Korrikaren omendua. Xabier Albizu segurarra auzolan ekimen horretako kide da. “Sorpresaz” jasoa, “asko poztu” dira omenduak direla jakitean. “Adierazten duelako lan bat egin dela eta lan horren inguruan herri bat egiten ari garela, Hegoaldea Iparraldera begira jarri dugula eta gu Hegoaldera begira jarri garela, eta horrek animo berezi bat ematen du”.
Xiberutikan Mendebaldera Pello Reparazek egindako 24. Korrikaren abestian aipatzen da: Errigoraren auzolan eredua, eskutik eskura, hori ere bagara. “Auzolan total bat da”, dio Albizuk. Hasieratik dira bera eta Segurako gainontzeko kideak Errigoraren parte. “Zoro batzuk bueltaka dabiltza, bilera gora, bilera behera…” gogoratu du: “Lehenengo aldia kuriosoa izan zen, arrai kaxatan banatu genuen herriz herri”.
Errigorak “Euskal Herriaren ikuspegi bat azaltzen du” haren ustez, eta “subkontzientean Euskal Herriaren alde” egiten jartzen ditu partaide eta eskatzaile guztiak, euskara, elikadura burujabetza eta auzolanaren bitartez. Auzolanak indarra galdu ote duen galdeginda, “gazteen defendatzaile” dela azaldu du: “Badago topiko bat gazteen inguruan, eta nik galdera egiten dut: 17 urte nituenean konparatu eta ni ez naiz hori baino hobea, seguru ez naizela hobea. Nolabait liberatzen gara esanez lehengoa hobea zela, horrek ez du balio. Gaur egungo gazteak ere pertsonak dira eta gauzak ondo azalduz gero parte hartzen dute. Amesten dugu ideala den zerbaitekin… nik horrela ikusten dut”.
Euskaraz bizitzeko eta euskarari heltzeko aldarria bota du, Iparraldean nahiz Hegoaldean: “Erdalduna dagoen bitartean egiten dugu haiengana jo, gaitz hori epidemi bihurtu da eta hor gaude, gerra horretan”. Eragiteko eta eraikitzeko, orain artekoa ez da nahikoa bere iritziz: “Orain arte egiten ari garena eusteko balio du, baina eraikitzeko ez du balio. Salto kualitatibo handia eman behar dugu, Iparraldean eta Hegoaldean”.
Korrikari lotutako oroitzapenak baditu. Seguratik pasatu zenekoa kontatu du: “Gauez pasatu zen, argi zuziak banatu genituen, eta Segurako elizako dorretik ikusten zen argia… Magikoa zen, irudi hori badaukat zeozer berezia bezala”.

