Joan zen astean Zumarragak Grand Prix telebista saioan parte hartuko duela jakin zen. Saioaren grabazioa 2026ko maiatzean izango da, oraindik zehaztu gabeko data batean, RTVEren Madrilgo estudioetan. Udalak autobusa jarriko du Madrilera joateko, bai lehiakideentzat, bai herriko ikusleentzat. Lehiakide bakoitzak bi lagun gonbidatu ahal izango ditu. Gainerako tokiak, gehienez 100 lagun osatu arte, zozketa bidez esleituko dira. Izen-ematea atzo izan zen eta 150 lagunek eman zuten izena. Pertsona bakoitzak bi izen eman ahal zituenez, 300 lagun azaldu dira joateko prest. Zozketaren data eta ordua aurrerago jakinaraziko dira. 200 lagun kanpoan geldituko dira.
Izen-ematearen ondoren, TVEk Zumarragari dagokion aurkezpen bideorako irudiak grabatu zituen plazan. Herritarrei puxika urdinak eta horiak eman zizkieten (telebista saioko koloreak, baina baita Zumarragakoak ere) eta bertan bildutako zumarragarrek globoak astindu eta buila egin zuten.


