Korrika Deskargatik iritsiko da Urretxura. Deskargatik Zumarragako Euskal Herria hiribidera joango dira, ospitaleko bidegurutzetik La Salle-Legazpi ikastetxera jaitsiko dira, Secundino Esnaola kalea zeharkatu ondoren Urretxura sartuko dira, Areizaga-Kalebarren plazatik Eitzagara joango dira eta handik Ezkiora jaitsiko dira.
Lekukoa hartzen lehenak Iota gimnasiokoak izango dira. Ondoren, Urretxuko Lizarriturri txistulari taldeak, Iratzarri dultzainero taldeak, EH Bilduk, EAJk, Smartlog enpresak, Legazpiko Udalak, Urretxu-Zumarraga Udal Euskaltegiak, Urola Kirol Elkarteak, Gainzuri ikastetxeak, Lurra dantza taldeak, Urretxu-Zumarraga Herri Kirol Elkarteak, Bi-Tartean merkatari elkarteak, Zumarragako Udalak, Urretxuko Udalak, Urretxu-Zumarraga ikastolak, La Salle-Legazpi ikastetxeak, Eitzako Jai Batzordeak, Goierri-Urola Garaia Erakunde Sanitario Integratuak, Urretxu-Zumarragako Gazte Asanbladak, Irrintzi dantza taldeak, Zumarragako Antxiñako Ama txistulari taldeak, Urretxu-Zumarragako bertso eskolak eta Zintzo Mintzo euskaltzale elkarteak hartuko dute lekukoa.
Egun osoan zehar, hainbat ekitaldi izango dira. Korrika Urretxu-Zumarragatik irteten denean, txokolate jana egingo dute Areizaga-Kalebarrenen. 10:30ean haurrentzako jolasak izango dira Zelai Arizti parkean (eguraldi txarra egiten badu, Ederrena pilotalekuan). 12:00etan erraldoiek eta dultzaineroek kalejira egingo dute, Zelai Ariztitik abiatuta. 13:30ean ZU Dantzaz taldeak emanaldia egingo du Areizaga-Kalebarren plazan (eguraldi txarra egiten badu, Ederrena pilotalekuan).
14:30ean herri bazkaria egingo dute Urretxuko Ederrena pilotalekuan. Bazkalondoa musikaz girotuko dute. 19:30ean Martxoan Bertsoa txapelketako finala jokatuko da Urretxuko gaztetxean. Bukatzeko, Dj festa egingo dute toki berean.
