Urola Kirol Elkarteak, Urretxuko eta Zumarragako udalen laguntzarekin, Txugiren oroimenezko futbol txapelketaren 29. aldia antolatu du. Aurtengo berrikuntza data aldaketa da: orain arte Ostegun Santu egunean jokatu izan da eta aurten, berriz, Pazko Asteko larunbatean jokatuko da: apirilaren 11n.
Ikusle gehiago erakartzeko egin dute aldaketa. Txugi oso pertsona maitatua zen eta urtero jende asko elkartzen dira Argixaon, baina beste askok ezin dute txapelketaz gozatu eta Txugi bertatik bertara omendu, Aste Santuko oporretako bidaiak direla eta. Hori dela eta, antolatzaileek txapelketa Pazko Asteko larunbatera pasatzea erabaki dute. Data aldaketak arrakasta badu, mantendu egingo dute. Bestela, lehengora itzuliko dira.
Aurtengo txapelketan 16 taldek parte hartuko dute: zortzi emakumezkoenak izango dira eta beste zortziak gizonezkoenak. Emakumezkoen txapelketan haur mailako neskek parte hartuko dute. 2012an eta 2013an jaioak, hain zuzen ere. Real Sociedad, Ilintxa, Goierri Gorri, Aloña Mendi, Tolosa, Intxurre, Urola ATA eta Urola Hirurok taldeek parte hartuko dute.
Gizonezkoen txapelketan, berriz, kimu mailako mutikoek parte hartuko dute. 2014an jaioek, alegia. Real Sociedad, Ilintxa, Idiazabal, Ordizia, Aloña Mendi, Tolosa, Bergara eta Urola taldeek parte hartuko dute.
Mutilen lehen fasea 09:00etan hasiko eta neskena 09:30ean. 12:00etan Mendiluze omenduko dute. Ekitaldian bere senitartekoek parte hartuko dute. 13:15ean bigarren fasea hasiko da. 13:45ean Kopako finala jokatuko da eta 14:15ean Txapeldunen Ligakoa. Sariak 14:45ean banatuko dira.
Partidak Argixaoko bi zelaietan jokatuko dira: Mitxel Badiolan eta Luis Urdangarinen. 20 minutuko iraupena izango dute. Lehen fasean talde guztiek hiru partida jokatuko dituzte. Talde bakoitzeko lehen bi sailkatuek Txapeldunen Liga jokatuko dute eta hirugarren eta laugarren sailkatuek Kopa. Lehenengo finalerdia jokatuko dute (lehenengoak bigarrenaren aurka eta hirugarrenak laugarrenaren aurka) eta ondoren finala.
Aurkezpen ekitaldia
Txapelketa ostiralean aurkeztu zuten Argixaoko Iñaki Mendiluze aretoan. Ekitaldian Felipe Elgarresta Urolako lehendakariak, Jon Luqui Urretxuko alkateak eta Iñaki Mendiluze Zumarragako zinegotziak parte hartu zuten. Mendiluze omenduaren iloba da.
Elgarrestak Urolako kideentzat Mendiluzeren oroimenezko txapelketa «urteko egun politena» dela esan zuen. «Ziur naiz aurten ere horrela suertatuko dela», gehitu zuen. Txapelketa antolatzea eta Mendiluze familiarekin elkartzea «ohorea» dela aipatu zuen. Luquiri eta Mendiluzeri hitza eman aurretik, bi udalei eskerrak eman zizkien txapelketaren antolaketan parte hartzeagatik.
Mendiluzek, Txugi zenaren senide den aldetik, ezin dezakeela oso diskurtso instituzionala egin onartu zuen. «Zumarragako Udalak txapelketa hau babestu du beti, konbentzimenduz eta irmotasunez. Eta horrela jarraituko dugu. Gainera, kirolak komunitatea sendotzeko balio du. Ekimen kolektiboetako ezaugarri nagusia ilusio partekatua da eta hori oso positiboa da. Nire osabaren oroimenezko txapelketa ere horrelakoa da: parte hartzen duten haurren eta beraien gurasoen ilusioa pizten du, ikusleen ilusioa pizten du punta-puntako taldeek parte hartzen dutelako… Horrekin lotuta, Urolari eskerrak eman nahi dizkiot egiten duen lanagatik eta txapelketa jokatzen dutenei parte hartzeagatik. Eta, noski, senitartekooi ere ilusio handia egiten digu txapelketa honek. Txapelketa hau antolatzea, zelaiei Mitxel Badiola eta Luis Urdangarin izena jartzea… klubaren alde lan egin zutenak oroitzeko modua da».
Luquik Mendiluzek esandakoa berretsi zuen. «Eskerrak eman nahi dizkiot Urolari, egiten duen lanagatik. Hau talde lana da. Gainontzeko taldeekin duzuen harreman onak asko laguntzen du. Egunerokoan ikusten dugu hori: eskola kirolean, autobus partekatuaren antolaketan… Gure herriak babestu eta elkartzen dituzue», esan zuen.
Bukatzeko, Mendiluze gogoratu zuen. «Txapelketa hau aurkezteko garaia heltzen denean, Iñaki etortzen zait burura, noski. Eta Iñaki gogoratzea, bere baloreak gogoratzea da. Oso pertsona berezia zen eta bere memoria mantentzea oso garrantzitsua da», esan zuen.
