Gaur arratsaldean Xabier Goñiren omenezko txapelketako finalak jokatuko dira Zumarragako Beloki pilotalekuan. Jaialdia 18:30ean hasiko da. Hasteko, beti bezala, txapelketa herrikoieko finala jokatuko da. Iaz bezala, Agirrek eta Tapiadorrek, Rodriguezen eta Alemanen aurka jokatuko dute. Iaz lehenengoak nagusitu ziren. Ondoren, promesa mailako finala jokatuko da, lau t’erdikoa. Harkaitz Muruak Bingen Beitiaren aurka jokatuko du. Bukatzeko, binakako finala jokatuko dute: Arribillaga eta Elorzek, Igoa eta Bernaolarekin neurtuko dituzte indarrak.
Secundino Esnaola musika eskolako eta Ordiziako musika eskolako kideen txarangak pilotaleku ingurua girotuko du jaialdia hasi aurretik. Partida arteko itxaronaldiak ere girotuko dituzte.
Pilotazale asko espero direnez, Belokiko leihatila 17:30ean irekiko dute. Kanpotik datozenek ez dute aparkatzeko arazorik izango, La Salle-Legazpi ikastetxeko patioan aparkatu ahal izango baitute.
Frontoira hurbildu ezin direnek, partidak KirolzaleTv-ren Youtube-ko kanalean ikusi ahal izango dituzte partidak. Biharamunean, ostegunean, ETBk ETB1On plataforma berrian emango ditu.
