Atzo, Iñaki Mendiluze Txugiren omenezko futbol txapelketa jokatu zen Argixaon. Emakumezkoei dagokienez, Txapeldunen Liga Real Sociedad taldeak irabazi zuen eta txapeldunordea Goierri Gorri izan zen. Kopa Aloña Mendik irabazi zuen. Gizonezkoen txapelketari dagokionez, Txapeldunen Liga Aloña Mendik irabazi zuen eta txapeldunordea Bergara izan zen. Kopa Ordiziak irabazi zuen.
16 taldek parte hartu zuten: zortzi emakumezkoenak ziren eta beste zortziak gizonezkoenak. Emakumezkoen txapelketan haur mailako neskek parte hartu zuten. 2012an eta 2013an jaioak, hain zuzen ere. Real Sociedad, Ilintxa, Goierri Gorri, Aloña Mendi, Tolosa, Intxurre, Urola ATA eta Urola Hirurok taldeek parte hartu zuten.
Gizonezkoen txapelketan, berriz, kimu mailako mutikoek parte hartu zuten. 2014an jaioek, alegia. Real Sociedad, Ilintxa, Idiazabal, Ordizia, Aloña Mendi, Tolosa, Bergara eta Urola taldeek parte hartu zuten.
Partidak Argixaoko bi zelaietan jokatu ziren: Mitxel Badiolan eta Luis Urdangarinen. Lehen fasean talde guztiek hiru partida jokatu zituzten. Talde bakoitzeko lehen bi sailkatuek Txapeldunen Liga jokatu zuten eta hirugarren eta laugarren sailkatuek Kopa.